ARG: Freekik.es/poh.vector
haurrak udalekuetan jostatzen
KANPOAN

Udalekuak euskaraz: gozatu, lagunak egin eta hizkuntza sendotu

Udako oporrak haurrentzat atseden, jolas eta abenturarako sasoia dira. Eskolako errutinatik kanpo, aisialdiak garrantzi handia hartzen du, eta euskarazko udalekuak aukera paregabea dira denbora libre hori modu aberasgarrian bizitzeko. Udalekuetan, haurrek lagun berriak egiten dituzte, naturaz gozatzen dute eta jarduera ezberdinak egiten dituzte, dena euskaraz eta giro gozagarrian.

Zer dute udalekuek berriz ere joan nahi izateko? Erantzuna sinplea da: esperientziak. Abenturak, erronkak, gaubelak, txangoak, kirola, jolasak eta taldeko bizikidetza biziak dira, eta oroitzapen horiek urte osoan gogoan izaten dituzte. Esperientzia horiek gainera, gurasoen babesetik harago, autonomia, konfiantza eta autoestimua garatzeko oso lagungarriak izan daitezke.

Hizkuntzaren ikuspegitik, udalekuek balio berezia dute. Haurrek euskaraz bizi dute egunerokoa: jolasean, otorduetan, atsedenaldietan eta jardueretan. Horrela, euskara bizipen positiboekin lotzen dute, eta horrek hizkuntzarekiko motibazioa eta erabilera indartzen ditu.

Azken urteotan euskarazko udalekuen eskaintza nabarmen ugaritu da: naturan murgiltzeko udalekuak, kirolarekin lotutakoak, ur ekintzetakoak, bertso udalekuak, mendiko edo itsasoko egonaldiak, ibiltariak… Aukera zabala dago haur bakoitzaren interesetara egokitzeko.

Gurasoen erabakia giltzarria da haurrek opor garaian egingo duten ibilbidea marrazteko. Hizkuntza ez da bakarrik eskolan ikasten; izan ere, sozializazioa, orotariko bizipenak eta esperientziak dira ikaskuntzaren oinarri.

Hona HEMEN aurtengo euskarazko udalekuen zerrenda. Kokapen, data, prezio, adin eta gai askotariko eskaintza aurki daiteke bertan.

Eman aukera haurrek uda honetan lagunartean, naturan eta euskaraz murgilduta abentura ahaztezina bizi dezaten.

Oharra: hainbat euskara zerbitzu dira udalekuetarako dirulaguntzak eskaintzen dituztenak: Antsoaingo Udala, Arangurengo Udala, Berriozarko Udala, Burlatako Udala, Estella-Lizarrako Udala, Esteribarko Udala, Garesko Udala, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udala, Izagaondoako Udala, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea-Ultzamaldea, Sakanako Mankomunitatea, Tafallako Udala, Uharteko Udala eta Zizur Nagusiko Udala.

CC BY-SA 4.0