BALIABIDEAKKANPOAN

Eta eskolatik kanpo, zer?

Prest al dituzue motxilak, mantalak, liburuak, arkatzak eta gainerakoak? Iraila iritsi da!! Berriz ere eskolara itzultzeko tenorea, nagiak atera eta egunerokoei ekiteko garaia. Familia osoari berriz martxan jartzea dagokio orain, ekainean alde batera utzitako betebeharren eta egitekoen zerrenda berreskuratuta.

Izan ere, irailean “eskolara itzultzea” beste konturik ez da izaten gurasoen artean, baina eskolarekin batera hortik kanpoko jarduerak ere iristen dira. Gainera, seme-alabak koskortzen doazen neurrian, jarduera horiek ugaritzen joanen zaizkie eta aisialdiak gero eta toki handiagoa hartuko du haien bizitzetan.

Eskolak betetzen duen funtzioa ukaezina da, baina zinez da beharrezkoa gurasoek aisialdiari dagokion garrantzia ematea. Izan ere, haurrek eskolaz kanpoko jardueretan eta, oro har, haien denbora librean, ongi pasatzeaz gainera beren sozializazio eremuak zabaltzen dituzte eta beren nortasuna eraikitzen lagunduko dieten bizipen berriak bereganatzen dituzte.

Haurrei hain erakargarri egiten zaizkien jarduera eta bizipen horietan euskarak ahalik eta presentzia handiena izatea komeni da. Eremu informalagoak eta libreagoak diren heinean, haurrek eskolan ikasitakoari jarraipena emateko eta hizkuntzaren erregistro kolokialagoak praktikatzeko gune aproposak dira. Ez dugu ahantzi behar hizkuntza, eskolan ez ezik, bizitzan ere ikasten dela.

Euskarazko aisialdi jardueren aukera (musika, kirola, antzerkia, bertsolaritza…) gero eta zabalagoa da, bizi garen tokiaren arabera euskarazko eskaintza hori ugariagoa edo murritzagoa bada ere. Proposatzen dizuegu haurrak aisialdiko jardueretan izen eman aurretik ongi azter dezazuen jarduera hori euskaraz egiterik badagoen. Lortzen duzuen aldi oro haurrari euskaraz aritzeko beste aukera bat emanen diozue!
Eta aisialdiaren garrantzi hori azpimarratzeko, eta bereziki euskaraz izatearen garrantzia adierazteko bi bideo sortu ditugu: bata euskaraz (behean duzuena) eta bestea gazteleraz.

Bestetik, honakoa ere gogorarazi nahi dizuegu, ERA.EUS-en Nafarroako herri eta eskualdeetan euskaraz eskaintzen diren jardueren bilduma izaten da, lagungarri izanen zaizuelakoan.  Eta, horrez gain, guraso proaktibo izan zaitezten animatu nahi zaituztegu. Alegia, umearen gustuko jardueraren bat zuen inguruan euskaraz eskaintzen ez bada, herriko eragileengana (guraso elkartea, udala, eskola, euskara zerbitzua…) jotzera animatzen zaituztegu, jarduera hori euskaraz antola dadin saiatzeko. Irabazteko asko dago eta merezi du!

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat