Argia.fototeka
Korrika
KANPOAN

EUSKARA GARA: Atharratzetik Bilbora Korrika

Arnastu euskara, astindu gorputza eta mugitu oinak, hemen da-eta Korrika!
Euskara, elkartasuna eta identitatea aldarrikatzen dituen festa handia da, bihotzak eta gorputzak euskararen alde martxan jartzen dituena.  

Euskararen indarra hiri eta herri guztietara hedatzeko gaitasuna du Korrikak. Aurten ere, txoko askotan  biziko da Korrikaren magia: euskara aldarrikatzeko  lasterketa erraldoia. Ez dira gutxi eginen diren kilometroak; gau eta egun, etengabean, euskarak 2.175 kilometro eginen ditu herriz herri, hizkuntza balioan jartzen duten herritar ororen grinarekin eta konpromisoarekin bat eginez. Baina Korrika ez da ibilbide luze bat bakarrik, euskara maite duten guzti horien ilusio pizgarri ere bada.

Atharratzetik abiatuta, milaka lagun batuko dira euskararen alde, Euskal Herriko hamaika zirrikituetan barrena. Kaleak jendez beteko dira, barre, kantu eta txalo artean; haurrek eta nagusiek, lagunek eta senideek, denek bat eginen dute hizkuntza aldarrikatzeko. Korrikaren app-ean eta webgunean ibilbide osoa ikusteko aukera dago, edonork bere herriko, elkarteko, eskolako edo lagunarteko kilometroa kontsulta dezan.

2026ko Korrikak berriro agerian utziko du euskara bizirik dagoen hizkuntza dela, eta guztion artean, gure hitzekin, urratsekin eta  bihotzekin, indartsuago egiten dugula. Izan ere, gu geu euskara gara. 

Martxoaren 19an, 15:30ean, hasiko da festa Atharratzen, Korrikaren hasiera ekitaldiarekin batera, eta hala, lehenbiziko pausoak emanen ditu lasterketak. Une horretatik aurrera, etenik gabe ibiliko da, herriz herri, martxoaren 29an Bilbora iritsi arte.

CC BY-SA 4.0