ARG: FreeJPG
BALIABIDEAKKANPOAN

Euskara indartu “Solasean”

Gure gizartean gero eta kultur eta hizkuntz aniztasun handiagoa dugu, eta hori nabaria da euskarazko hezkuntza sisteman ere. Izan ere, gero eta ohikoagoa da beste hizkuntzetatik eta kulturetatik gurera etorritako familiek seme-alabentzat D ereduaren aldeko hautua egitea. 

D eredua, murgiltze-eredua denez, euskara gainerako edukiekin batera barneratzen da. Batzuetan, dena den, badira euskara ikasteko prozesuan zailtasunak dituzten haurrak. Hor, haurraren lehen hizkuntzak eragin dezake, noski, baina ez horrek bakarrik. Hizkuntza bat ikasteko orduan asko errazten du hizkuntza horretan aritzeko ahalik eta aukera gehien edukitzeak. Etxean eta ingurune hurbilean euskarak presentzia urria duenean, haurrek euskararekin harreman mugatua izaten dute. Hortaz, bigarren hizkuntza bat ikasterakoan, bakoitzaren erraztasuna edo zailtasuna desberdina denez, fokua haurren familiaren jatorrian jarri beharrean, haurrek euskara eskolaz kanpo praktikatzeko aukeretan zentratu beharko litzateke. 

Egoera hori atzemanik, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Solasean programa abiatu zuen 2020-2021 ikasturtean, Euskaltzaleen Topagunearekin batera. Ikasturte honetan egitasmoarekin jarraitzen du, eta Leitzan ere abiatu dute.

Aisialdiko programa da Solasean, eskolatik kanpo euskara praktikatzen, alegia, ikasten jarraitzeko aukera gutxiago duten 8-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta hizkuntza indartzeko aukera ematen die. Hizkuntzaren errefortzua ikuspegi ludikotik eta ahozkotasunetik lantzen dute, euskara haur horien komunikazio tresna bihur dadin eta komunikatzeko trebetasuna lor dezaten. Egitasmo honen bitartez herriko bizitzan euskaraz murgiltzeko baliabideak ere eskaintzen zaizkie.

Horrelako ekimenen beharra eta onura agerikoa izanda ere, ikuspegi osoagoa izan behar dugu beti begi bistan: haur guztiei euskaraz aritzeko ahalik eta aukera eta espazio gehien eskaini behar zaizkie. Eta horretarako funtsezkoa da herriko eragileak eta norbanakoak, herritar nahiz haur euskaldunak, aktibatzea: euskara ikasteko zailtasunak dituzten haurrei hizkuntza hori erabiltzeko guneak eta uneak eskainiz beren ikas prozesua erraztuko dugu. Auzolana da.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat