Pixabay
Euskara integraziorako bidea
KANPOAN

Familia etorri berriekin euskararen ibilbidean

Azken hamarkadetan izugarri aldatu da gure inguruko biztanleria. Jatorri ezberdineko gero eta herritar gehiago bizi da edozein hiri edo herrietan. Aniztasun horretaz jabetzeko aski da kalera ateratzea, ostatuetan ibiltzea edota ikastetxeetan dabiltzan neska-mutikoen jatorria ikustea. 

Gertatzen ari den metamorfosi sozial honetan nabarmentzekoa da, aipatu bezala, etorri berrien kopurua eta jatorria. Joan den mendearen bigarren zatian Andaluziako, Extremadurako eta, neurri txikiagoan, estatuko beste eskualdeetako herritarrak ailegatu ziren gurera, batez ere lanera. Gaur egun, ordea, gehienak Hego Amerikatik eta Afrikatik datoz. 

Fenomeno hau ez da bukatu eta etorrera neurri batean txikituko bada ere, etorkizunean jarraituko duela aurreikus daiteke. Bestetik, datuen arabera, hurrengo urteotan gure herrialdeko jaiotza-tasa kasi ez da haziko. Etorkizunera begira egindako ikerketek diotenez 2036 urtera bitarte jaiotako haurren ia % 40 etorri berrien familietakoak izanen dira.

Horiek horrela, elkarbizitza funtsezkoa izanen da, eta guztion hartu-emana eskatuko du. Haiengana gerturatu, gure kulturaren eta hizkuntzaren berri eman, euskararekiko motibazioan eragin, erabiltzera animatu, tresnak eskaini… Eta aldi berean, haien hizkuntza aitortu eta seme-alabei transmititzeko garrantzia azpimarratzea izan daitezke gako batzuk.

Harreman eta harrera molde berriak sortuko dira eta errealitate horretan hizkuntza zutabeetako bat izanen da. Etorri berriei euskarak integrazio oso baterako zubia eskainiko die, eta bide horretan denok izanen gara bidelagun: familiak, ikastetxeak, erakundeak… 

CC BY-SA 4.0