ARG: Alke Kultur Taldea
KANPOAN

Gau Beltza: ez izan beldurren beldur

Goxokiak, kalabazak, kandelak eta mozorroak prestatzeko tenorea iritsi da, baita iluntasunari eta beldurrei tokia egiteko garaia ere.

Egunik motz eta ilunenak datozenean ospatzen da Gau Beltza. Iluntasun horren baitan, norbere beldurrei modu kolektiboan aurre egiteko bidea ematen digu egun honek, eta barrura begirako ariketan jartzen gaitu. Izan ere, Gau Beltza omen da hildakoek eta bizidunek bat egiten duten gaua. Hala kontatzen du Oiartzunen sortutako Gau Beltz On ipuinak.

Azkeneko urteetan indarra hartu duen eguna da urriaren 31. Ez da berria ordea, gure herrietan garai batean ere ospatzen den eguna dela erakutsi baitigute adinekoek. Hainbat kontakizun bildu dira gaur egun ezagunak egin zaizkigun kontuei buruz: kalabazak edo arbiak husten zituztela eta aurpegi forma ematen zietela. Ondoren kandela txiki bat sartu eta bide bazterrean argiztatuta jartzen zituztela, bizilagunak beldurtzeko eta hildakoen arimei bidea erakusteko.

Erritu horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean dabiltza herriz herri, esaterako Leitzan, Atarrabian, Garesen, Lesakan, Iruñean… (informazio gehiago ERAko agendan).

Animen gaue Leitzan

Zenbait herritarrek Animen gaue antolatu dute lehenbiziko aldiz, Alke Kultur Taldearen babespean. Iluntzean hasiko da guztia: ibilbide berezi bat, gaztaina jatea, eta gauean, kontzertua Rig3l-en eskutik.

Animen Gaue egunean 'Animen ibilbidea' Marilo eta Marila bikien eskutik

Marilo eta Marila bikiak ‘Animen ibilbidean’

 

Ibilbidearena izanen da kuriosoena. Alde zaharra zeharkatuko duen ibilbidea izanen da, eta ilunabarrean egin behar da, iluntasunak kaleak hartutakoan. Bidean zenbait pertsonaia agertuko dira kale kantoietan, ustekabean, Marilo eta Marila bikiak, adibidez, eta aurrera jarraitu ahala hainbat sorpresa izanen dira.

Heriotza eta beldurra erdigunean jarri nahi izan dituzte antolatzaileek. Heriotzaren gaiaz hitz egiteko beharra ikusi dute, baita txikienekin ere, eta era berean, ahalik eta naturalen egitea aldarrikatu nahi dute. Horretarako aproposa ikusi dute Gau Beltza, Leitzan Animen gaue, egun honen aitzakian beldurra beste modu batera hartzen delako, eta, hein batean, norberaren beldurrei aurre egiteko aukera ematen duelako.
Mozorrotuta, Leitzan atsauretuta, joatea gonbidatu dute: trapu zaharrekin aurpegia estalita, zapelak jantzita edo norberak nahi duen moduan.

Beldurrei eragin eta bete argiz Gau Beltza!


Gau beltzaren argitan
kantua duzue hemen. Hau Gau Beltz On ipuinarekin batera iaz Oiartzunen kaleratutakoa.

 

 

CC BY-SA 4.0