ARG: Gure Zirkua
KANPOAN

GURE ZIRKUA heldu da!

Trapezistak, ekilibristak, malabaristak, magoak, pailazoak eta musikariak. Nor ez da sekula joan  zirkura artista bikain hauek erakarrita?  

Edozein karpapean ikusiko ditugun ohiko protagonistak dira. Kolorez eta umorez betetzen dute agertokia, erakustaldi zoragarriak eskainiz. Inoiz zirkuan izan denak ez du berehalakoan ahaztuko bizipen magiko hori. Baina gainera, bizipen hori norberaren hizkuntzan jaso ahal izateko aukera baldin badago bikoitza da gozamena. Horixe da, hain zuzen ere, GURE ZIRKUAk eskaintzen duena eta gainerakoetatik ezberdintzeko duten osagai nagusia: hizkuntza, euskaraz egiten den ikuskizuna baita GURE ZIRKUA. Izan ere, lehenbiziko euskal zirku ibiltaria da hau, hainbat diziplinetako artista euskaldunak batzen dituena. Horiekin batera, bi musikari aritzen dira hainbat instrumentu zuzenean joz. Haien erritmora egiten dute jauzi trapeziora espezialistek edo ekilibristak soka gainean egiten du dantza, orekari eutsiz. Eta tartean, pailazoak sartu-aterean ibiltzen dira, erdi jolasean, baita hizkuntzarekin ere.

Honelako saioak haurrentzako emanaldiak izaten direla pentsatu izan da, maiz, baina Gure Zirkuak badu magia berezia, helduak ere erakartzen dituena, eta azkenean, ttikiek zein handiek gozatzen dute ordubete pasatxoko saio ederrean. Hasi eta buka dena euskaraz. 

Badator, beraz, zirkua! Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban barrena ibili ondoren, orain, Nafarroara iritsiko da. Irailaren 27tik urriaren 5era Elizondon egonen da eta segidan Leitzara joanen da, urriaren 19a arte. Sarrerei eta ordutegiari buruzko informazio guztia ERAko agendan dago ikusgai.

Artista guztiak agertokian daudela  amaitzen dute ikuskizuna Gure Zirkua heldu da!!!!  kantatuz. Abestiaren magiaz kutsatu nahi duenak Elizondon eta Leitzan du horretarako  aukera.

CC BY-SA 4.0