Ekainaren 14,15, 21, eta 22an, haur, gazte eta helduentzako arte eszenikoen 20 ekitalditik gora eginen dira Legaria, Artazu, Tirapu, Otsagabia, Caseda eta Iruñean
Berdintasuna eta aniztasuna oinarri hartuta, egungo gaiak jorratuz, arte eszenikoak espazio berezietara eraman nahi dituen kultur proposamena da. Tdiferencia taldeak antolatzen du, tokian-tokiko udal eta eragileen laguntzarekin.
Kultur aisialdia ere, euskaraz
Musika, zirkua, antzerkia, bakarrizketak eta ipuinak eskainiko dira besteak beste, horietariko batzuk euskaraz. Bea Larrañagaren Bonbak Otsagabiko Koleto etxean eztanda egingo du, Tdiskofestak Iruñeko Amaiur ikastola alaituko du, zuhaizpean Celia Fañanasen ipuinak entzun ahalko ditugu eta 17 Bertso Veronan Iruñeko gotorlekuan barrena ibiliko gara, azken hau helduei zuzenduta.
Jaialdia Iruñeko Gotorlekuan hasi bazen ere, urtetik urtera beste herri eta bailara batzuetara hedatzen joan da. Nafarroako txoko eta zirrikitu berri eta bereziak agertoki bihurtzea du helburu; zuhaizpeak, petrilak, igerilekuak… dena bilakatu baitaiteke antzoki. Aire zabalean zein estalpean, publikoa goxo hartuko duten emanaldiak prestatu dira: dantzan eta euskaraz kantuan jartzeko modukoak, haur eta gaztetxoei bete-betean eragiten dieten gaiak azaleratzen dituzten proposamenak, bai eta gurasoek izan ditzaketen kezkak planteatuko dituztenak ere. Umore, jolas eta kontzientziazio uneak eskainiko dira.
Etxeko txikiekin euskaraz gozatzeko parada bikaina izango dugu bada, solstizio garaian, ikasturtea bukatu berritan. Kontsultatu ezazu programazioa eta aisialdian ere euskaraz jardun.
Kalitatezko euskarazko kultur-produkzioak eskaintzea beharrezkoa da, eta haurrak bertara eramatea ezinhobea neska-mutikoen euskarazko heziketan berebiziko garrantzia duelako. Kultur emanaldiak, euskarazko aisialdia, eskolaz kanpokoak … guztiak dira ongietorriak haurren heziketan, eta hala gogorarazten digu honako bideoak. Espazio ludiko hauek haien motibazioan, hizkuntzarekiko sentsibilizazioan eta erabileran eragiten dute nabarmen.