Aro digitalak aldaketa kultural handiak ekarri ditu eta iraulitakoak nabarmen-nabarmenak dira: orain arte sozializaziorako bide nagusiak familia, eskola, lagunartea eta komunikabideak izan badira ere, gaur egun Google, Facebook, Twitter eta Instagram bezalakoek toki eta eragin nabarmena eskuratu dute. Gainera, gertuko harremanetatik sare sozialetarako jauzi hori oso denbora laburrean eman da. Abiada ikaragarria darama.
Harremanetarako moldeak ez ezik, Globalizazioak kultura kontsumitzeko ohiturak eta bideak ere izugarri eraldatu ditu. Handitasun horretan nork bere burua topatu nahi badu, ez legoke gaizki galdetzea zer nolako tokia hartu ote duen euskal kulturak Nafarroan. Eta hariari tiraka: kontsumitzen al da euskal kultura? Eta transmititzen al zaie haur eta gazteei?
Horri begira, Euskal kulturaren zabalkundearen eta transmisioaren inguruan gogoeta egiteko jardunaldia egin zen pasa den urtarrilaren 24an,Iruñeko Kondestable Jauregian, Nafarroako Euskara Teknikarien sareak, Elkar Fundazioarekin eta Karrikiri Elkartearekin batera antolatua. 90 lagunek hartu zuten parte, kezka badagoen seinale.
Eztabaidarako eta esperientzia berri eta interesgarriak ezagutzeko tartea egon zen, eta luze hausnartu zen kultur kontsumoaren eta transmisioaren inguruan. Hala, etorkizunean haur eta gazteek euskarazko kultur eskaintza oparoa, eskuragarria eta erakargarria izatea nahi bada, kultur ekoizpena sustatu behar da, euskarazko sorkuntzari tokia eta baliabideak eskainiz, eta ikusgarri egin behar da.
Zeregin horretan laguntzeko familiak ere badu bere egitekoa. Haur eta gazteen aisialdirako makina bat baliabide daukagu eskura: jostailuak, komikiak, liburuak, app-ak, filmak… Horien artean aukeratzeko hainbat arrazoi eta irizpide daude, eta horietako bat hizkuntza da, hagitz erabakigarria seme-alabak euskaldun hazi eta hezi nahi dituenarentzat. Euskarazko baliabide sorta, eskaintza zabala, ongi antolatua eta erabilgarria du ERAk, atal berriki eguneratuan.
CC BY-SA 4.0