Hilabete gutxi barru jaioko den haurraren izena aukeratzea momentu polita da, berezia, izen horrek pertsona hori identifikatuko duelako eta hezur-haragizko harremanen munduan kokatuko duelako; jaioberriarentzat nor izateko bidearen hasiera delako.
Erabaki garrantzitsua da gurasoentzat, beraz, batzuek erraz hartzen dutena, baina beste batzuentzat buruhauste ugari ekartzen dituena. Izan ere, bizitzako beste edozein gairekin gertatzen den bezala, bakoitzak bere lehentasunak ditu; besteak beste: izen originala izatea, modan egotea, ahoskatzeko erraza izatea, familia-tradizioa mantentzea edo ingurukoentzat ezaguna izatea.
Azken hamarkada hauetan gizartea asko aldatu da eta pertsona izenen paisaian ere gertatu da bilakaera: izen konposatuak alde batera utzi eta izen motzak aukeratzeko joera nagusitu da, eta gero eta ugariagoak dira originaltasunaren bidean bilatutakoak: neologismoak, sare sozialetako ezizenak edo erreferente ezagunen izenak.
Zorionez, euskal izenen zerrenda luzea da eta badago non aukeratu, Maite edo Iñaki izen klasikoetatik hasita, Lizar edo Xumai berezietaraino. Halaber, euskal izendegiak ere badu beste ezaugarri bat: epizenoak edo genero markarik gabeko izenak. Une honetan 500 inguru daude bilduta zerrenda honetan.
Haurraren izena hautatzeko prozesuan laguntzeko Euskaltzaindiaren zerrenda da gomendagarriena. Bertan azaltzen da izen bakoitza nola idazten den eta erregistro ofizialek zerrenda hori erabiltzen dute gurasoek daramaten proposamena kontrastatzeko. Beraz, haurraren izena inskribatzerakoan arazorik ez izateko, komeni da aldez aurretik zerrenda hori ezagutzea. Gainera, jatorriari zein esanahiari buruzko azalpen labur bat ere ematen dute, baita euskal izanek euskal grafiaz zuzen idazteko informazioa ere.
Horrez gain, euskalizenak.eus webgunea kontsultatu daiteke eta “Euskal pertsona-izenak” aplikazioa ere deskagatu daiteke: Androiderako bertsioa dago eskuragarri.
CC BY-SA 4.0