Sanferminak eta herrietako jaiak gainean ditugu! Hau poza!
Jaiak une zoragarriak dira, errutina hautsi eta denbora gehiago ematen dugu kalean, alaitasuna lagunekin elkarbanaturik. Dudarik ez, umeendako askoz ere zoragarriagoak dira, karrika betetzen baita haiendako jarduera bereziez: buruhandiak eta erraldoiak, barrakak, arropa zuria eta zapi gorria, su artifizialak, freskagarriak, dantzak, izozkiak, lagunak, hamaiketako, bazkari eta afari hagitz bereziak…
Jakina, musikak protagonismo handia hartzen du jaien egitarauan, alaitasuna adierazteko modu eraginkor bat baita. Horregatik, musika atalean haur abesti batzuk eskegi ditugu, umeek egun horietan bizi dutena adierazten eta barneratzen laguntzeko, eta aldi berean, gurasook eta umeek gure poztasuna elkarrekin euskaraz kanta dezagun.
Festa eta ospakizunen kanten inguruko atal berrian hainbat proposamen egiten dizkizuegu, etxean nahiz kalean abestu, edo ez badakizkizue, ikas ditzazuen.
Suziria: Takolo, Pirritx eta Porrotxek azaltzen digute, gorputzarekin jolastuz, zer den txupinazoa.
Gora San Fermin: entzierroaren abesti ospetsua egin ondoren, kantu kalejira luze batera gonbidatzen gaituzte Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, zezentxoak eta guzti!
Polonesa eta Alemana: bi abesti hauen bidez, Ene Kantak taldeko lagunek omenaldi txiki bat egiten diete buruhandiei eta erraldoiei. Benetan, biak kanta ederrak dira, eta behin ikasita ez dago modurik burutik kentzeko.
Gaixoa ni: hasten den guzia amaitzen denez, hona hemen jaien bukaerak eragindako tristura astintzeko modurik hoberena. Bidenabar, has gaitezen gure bihotzak prestatzen heldu den urteko jaietarako.