ARG: JonIraola-Dantzan CC-BY-SA
Lantzeko txatxoak dantzan
KANPOAN

Mozorrotu, dantzatu eta ospatu. Hemen dira inauteriak!

Neguko solstizioaren ondoren hasi eta udaberriko ekinoziora arte luzatzen den garai bereziari lotuta daude inauteriak. Naturaren zikloarekin harremanetan dauden ospakizunak dira: neguaren agurra eta lurra pixkanaka berpizten hasten den unea sinbolizatzen dute.

Inauteriak izen askorekin ezagutzen ditugu gurean: inauteak, ihoteak, aratusteak edo karnabalak, besteak beste. Nafarroako hainbat herritan urtarrilean bertan hasten dira lehen ospakizunak, eta handik aurrera festa giroa eta mozorroak herriz herri hedatzen dira, egun hauetan bereziki indarra hartuz.

Izan ere, inauteriak Ostegun Gizenarekin hasten dira leku askotan. Orakunde, Egun Ttun-ttun, Ostegun Gizen, Eguen Zuri, Eguen Gizen, Eguen Lardero, Lerdo Eguna… Izen desberdinez ezagutzen da egun seinalatu hau, inauterietako pertsonaia eta ohituren inguruan euskarak hiztegi zinez aberatsa baitu.

Euskal tradizioa gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute data hauek, baita euskaraz bizitzeko eta partekatzeko une ederra ere. Lagunartean zein familian, mozorroak prestatzea, janztea eta elkarrekin ongi pasatzea izaten da helburu nagusia. 

Lesakako Zaku Zaharrak, Berako Inude eta Artzaiak, Altsasuko Momotxorroak, Unanuko Mamuxarroak, Lantzeko Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko… pertsonaia eta istorio mordoa aurkituko ditugu inguruan:

 

Hala, inauteriek aukera zabala ematen dute Nafarroako herriak, ohiturak eta hizkera ezberdinak ezagutzeko. Baliatu aukera! Eta nora jo ez badakizu, dantzan.eus webguneak inauterien oinarrizko egutegia prestatu du: https://dantzan.eus/albisteak/inauteriak-oinarrizko-egutegia