ARG: JonIraola-Dantzan CC-BY-SA
Lantzeko txatxoak dantzan
KANPOAN

Nafarroako inauteriak: euskaraz eta tradizioez gozatzeko aukera paregabea

Inauteriak, inauteak, ihoteak, aratusteak, karnabalak… Urtarrila bukaeran hasi ziren Nafarroako lehendabiziko ospakizunak. Ordutik, mozorroak eta festa giroa herriz herri eta auzoz auzo zabaltzen joan dira.

Data berezi hauek euskal tradizioa hobe ezagutzeko, eta euskaraz mintzatzeko eta gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Lagunartean edo familian mozorroa prestatu, jantzi eta ongi pasatzeko egunak dira.

Nortasun propioa duten tradizio handiko ospakizunak dira inauteriak. Neguaren amaiera iragartzen dute, eta hainbat kasutan, lurra esnatzeko eta ispiritu txarrak uxatzeko festa da. Gure bazterrak kolorez eta musikaz janzten dira, umore ona txoko guztietara zabalduz.

Inauteriak Ostegun Gizenarekin hasten dira leku askotan. Orakunde, Egun Ttun-ttun, Ostegun Gizen, Eguen Zuri, Eguen Gizen, Eguen Lardero, Lerdo Eguna… Izen desberdinez ezagutzen da egun seinalatu hau, inauterietako pertsonaia eta ohituren inguruan euskarak hiztegi zinez aberatsa baitu.

Inauteriak Nafarroako herri askotan antolatzen dira, bai gune urbanoetan, baita landa eremuetan ere, esaterako, Iruñeko Iruinkokoa, Lesakako Zako zaharrak, Berako Inude eta artzaiak, Altsasuko Momotxorroak, Unanuko Mamuxarroak, Lantzeko Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko…

Inauteriek aukera zabala ematen dute Nafarroako herriak, ohiturak eta hizkera ezberdinak ezagutzeko. Baliatu aukera!

Baliabide interesgarri batzuk: