@era
BALIABIDEAK

III. ERA Eskola, gurasoentzako trebakuntza online

Zoriontasuna eta ongizatea, horixe da gurasoek seme-alabentzat nahi dutena. Eta hori helburu aldiro ari dira erabakiak hartzen, izan elikaduraren inguruan, edo osasunarenean, nola lotarako errutinen inguruan… beti dabiltza hautu egokienaren bila. Bada, horietan bezala, hizkuntzarekin lotutakoak ere sarri hartzen dira.

Eta batzuetan erabakiak hartzea ez da nahi bezain erraza. Informazioa falta zaigula iruditzen zaigu, gai guztietan jantzita egotea ezinezkoa dela, ondokoari entzun arte gai horretan inoiz ez dugula pentsatu… Horri begira, hain zuzen ere, eta inor ez denez ikasia jaio, ERA Eskola sortu zen 2020an: gurasoentzako trebakuntza online.

Aurtengo edizioan Amelia Barquin, Kike Amonarriz eta Nerea Permach hizlariak ditugu, eta saio guztiak ERA.eus-en YouTube kanalean ikusgai daude.

Baita podcast formatuan ere

Aurreko bi edizioak bideo formatuan eman ziren, baita honako hau ere. Baina aurten, horrez gain, Podcast formatuan ere eskaintzen dugu trebakuntza. Izan ere, audio formatuak aukera ematen du hitzaldiak entzuteko paseoan zaudela, autoa gidatzen edo busean, etxeko lanak egiten… Hartara, bi zerrendatan antolatu ditugu hitzaldiak, euskarazko ERA Eskolak programa eta gaztelaniazko ERA Eskola programa.

Edizio guztiak ERAko Baliabideen atalean

ERA Eskolaren hiru edizioak Baliabideen atalean dituzue eskura, Gurasoentzako Aholkuak azpiatalean.

2023ko hizlariak, gaiak eta saioetara loturak:

Amelia Barquin: “Kulturarteko hezkuntza, euskara eta familien hizkuntzak”

1. Kulturarteko hezkuntza
2. Hizkuntzen bizikidetza
3. Ume guztiak dira herriko honetakoak. Identitate pluralak

Hizlaria: Amelia Barquín honako gaietan da idazle, hizlari eta irakasle: hezkuntza, kulturartekotasuna, generoa eta hizkuntza. HUHEZI fakultatean irakaslea eta ikerlaria da (Mondragon Unibertsitatea), eta bertan Irakasle Graduan jarduten da nagusiki.

Kike Amonarriz: “Nola lortu, modu erraz batean, gure haurren inguruan euskara gehiago erabil dadin?”

1. Euskarak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da dakigunok erabil dezagun
2. Guraso euskaldunak, eredu eta motor
3. Mikroestrategiak maila pertsonalean, eta ahalegin hau egiteko arrazoiak
Hizlaria: Kike Amonarriz – Euskal Filologian lizentziatua, soziolinguista, euskaltzain urgazlea, umoregilea eta Euskal Telebistako aurkezlea.

Nerea Permach: “Euskararen sustapena nerabezarorako trantsizioan”

1. Nerabezarorako trantsizioa
2. Nerabeen bidelaguna izateko hainbat gako
3. Euskararen sustapena nerabezaroan

Hizlaria: Nerea Permach Martin, hezkuntzan graduatua eta Psikodidaktikan doktorea. UPV/EHUko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika sailean irakasle eta ikerlari dihardu Hezkuntza Fakultatean.

ERA Eskolak 2023, youtube kanalean eta spotify-n