Udazkena garai ezin aproposagoa da familia txangoak egiteko; zuhaitzak eta natura kolore anitzez janzten dira, eta basoan barrena ibilaldi bat egiteko oso lagungarriak dira tenperaturak. Iratira bidaia, bertako emakumeen lorratzak bidaia-liburuan Kati Leatxek eta Estitxu Larreak Irati ingurua ezagutzeko proposamen interesgarria egiten digute.
Bidaia koadernoa modu sortzaile eta pausatuan idatzia dago, balore ekologiko eta arduratsuak kontuan hartuta. Tresna egokia da Irati aldeko natura, historia eta ohiturak ezagutzeko, animalien eta landareen euskal izenak, eta bertako emakumeen historietara eta tokiko euskarara hurbiltzeko.
Liburua Iratiko basoaz mintzatzen da, toki gomendagarria bisitan joateko, eta batez ere, udazkenean. Bertan Pirinioetako naturaz eta udazkeneko koloreez goza daiteke modu zoragarrian. Orbaizetako sarbidetik egitea proposatzen dizuegu. Txango ederra haurrekin egiteko, bidexkak lauak baitira eta Irabia urtegia hurbil baitago. Gainera, sarreran dagoen informazio etxolan argibide onak jasoko dituzue inguru horretan egin daitezkeen ibilbideez. Ez ahaztu kondairaz beteriko basoa dela Irati, eta kondaira horietako batek dioenez, Basajaun bertan ikusi zuten azkeneko aldiz. Beraz, ongi zaindu basoa eta zabaldu begiak ea basoko zaindaria ikusten duzuen!
Udazkeneko plan honetan bigarren geldialdi bat egitea proposatzen dizuegu: Orbaizetara joatea eta bertako Kultur Ola ezagutzea. Aezkoako etxe tradizionalak eta garai bateko lanak ikasiko dituzue, bi mende atzera eginez, Munizio Olaren funtzionamenduan murgilduko zarete, eta Ameriketara migratu zuten aetzen historia ezagutzeko aukera izanen duzue.
Iratira bidaia liburu paregabea da Nafarroako ipar ekialdeko toki miresgarriak familian bisitatzeko. Animatu eta ekin abenturari!
CC BY-SA 4.0