Euskaraz egiteko aukera berriak
Ikasturte hasierarekin euskaraz egiteko aukera berriak
BALIABIDEAKETXEANKANPOAN

Ikasturte berriarekin, euskaraz bizitzeko aukera berriak

Iraila iritsi da, eta harekin batera ikasturte berriaren hasiera. Oporretako erritmo lasaia atzean utzi, eguneroko ohiturei heldu eta eskolara itzultzeko garaia da. Egun hauetan ohikoak izaten dira prestaketa lanak: motxilak, materiala, ordutegiak, eskolako oharrak eta agenda berrantolatzea.

Ikasturte hasierako zalaparta honetan erraza da pentsatzea eskolak haurren eguneroko bizitza osoa hartzen duela. Baina haurren ikaskuntza eta hizkuntza-ohiturak ez dira ikasgelan bakarrik eraikitzen. Eskolatik kanpo igarotzen duten denborak ere eragin handia du, eta hor dago, hain zuzen ere, euskararen erabilera indartzeko aukera handienetako bat.

Eskolatik kanpoko denbora ezinbestekoa da nortasuna eraikitzeko, harremanak sendotzeko eta zaletasunak garatzeko. Lagunekin egoten dira, jolas egiten dute, kirola edo musika praktikatzen dute eta gustuko dituzten jardueretan parte hartzen dute. Esperientzia horietan guztietan euskara presente egoteak balio handia du, hizkuntza modu naturalean erabiltzeko eta eskolan ikasitakoa eguneroko bizitzan txertatzeko aukera ematen baitu.

Horregatik, eskolaz kanpoko jarduerak aukeratzerakoan merezi du euskaraz egiteko aukerarik badagoen galdetzea. Kirola, dantza, musika, antzerkia, bertso eskola, ludotekak edo bestelako aisialdi-jarduerak hizkuntza erabiltzeko eta aberasteko espazio apartak dira. Baina hizkuntza-ohiturak ez dira jarduera antolatuetan bakarrik eraikitzen. Parkean, plazan, auzoan edo lagunartean ere haurrek harremanak sortzen dituzte, eta horrelako espazioetan ere euskarak presentzia izatea garrantzitsua da. Askotan, helduon keinu txiki bat nahikoa izaten da elkarrizketa edo jolasa euskaraz has dadin.

Aisialdiarekin batera, etxeak ere zeregin garrantzitsua du hizkuntza-ohiturak sendotzeko. Euskaraz hitz egitea, solasaldiak sustatzea, haurrei beren iritzia eta bizipenak kontatzeko denbora ematea edo eguneroko mezu txikiak euskaraz idaztea —ohartxoak, erosketa-zerrendak edo egutegiko oharrak, esaterako— lagungarria da hizkuntza modu naturalean bizitzeko.

Azken finean, euskara ez da eskolan erabiltzen den hizkuntza bakarrik; eguneroko bizitzan ere lekua izan behar du. Horregatik, ikasturte hasiera une aproposa da etxean, aisialdian eta eguneroko harremanetan euskarari toki handiagoa egiteko. Zenbat eta aukera gehiago izan haurrek euskara modu naturalean erabiltzeko, orduan eta sendoagoak izango dira haien hizkuntza-ohiturak eta euskararekiko lotura.

Aholku sorta zehatz eta argigarria aurkituko duzue dekalogo honetan eta bideotxo honetan.