Jaioberria
EMAN AUKERA
Umea jaio eta garai berria etorri zaizu. Berarekin une zoriontsu asko bizi eta, aldi berean, ardura berriak zeureganatuko dituzu. Onena eman nahi izanen diozu, noski, zoriontsu izan dadin eta bizitzan ahalik eta aukera gehien izan dezan.
Beraz, hainbat erabaki zure esku daude. Horien artean, besteak beste, txikitan zein hizkuntza edo zeintzuk ikasiko dituen aukeratzea dagokizu.
Honekin, Euskara Zerbitzuen gonbitea duzu, zure haurrak euskara ikas dezan.
Euskaraz baldin badakizu, hau ZURETZAT da
Hizkuntzak familian jasotzea sekulako oparia da. Etxean ikastea ez da aukera bakarra, baina bai oso eraginkorra. Zure haurra, beraz, zorionekoa da euskara familia giroan jasotzeko aukera baitu. Euskara, zorionez indarberritze bidean dago. Hortaz, haurrek ikasteko eta erabiltzeko errefortzua eta bultzada behar dute, familian ez ezik, eskolan eta aisialdian ere landu behar baita.
Horri begira, bada, hemen duzue informazio gehigarria.
ZURE ERABAKIA
Haurra euskarazko eskola batean matrikulatuz gero, euskara naturaltasunez jasoko du. Eskolan hainbat erregistro ikasiko dituzte haurrek, euskara akademikoa eta jasoa, besteak beste.
Eskola ordutegia mugatua denez, ordea, garrantzitsua da euskararen tokia bermatzea haurraren egunerokoan, esaterako, zaintza orduetan edota aisialdian. Etxean nahiz kanpoan euskara erabiltzeko hamaika baliabide daude, hala nola, kantak, ipuinak, jolasak eta abar.
Etxean haurrei euskaraz hitz egiten badiezue, errazago ikasiko dute hizkuntza, ohiturak barneratzeko biderik eraginkorrena baita familia. Hizkuntza etxean bertan ikastea sekulako aukera da.
Euskaraz ez dakien beste heldu bat bizi bada etxean, bere jatorrizko hizkuntza haurrari transmititzea aberatsa da. Era berean, euskararen mundura hurbiltzen ahal duzu eta ikastera animatu.
Euskara pixka bat baldin badakizu, baina nahi duzun guztia esateko tarteka mugatuta sentitzen bazara, lasai, egoera ohikoa da hainbat gurasorentzat. Saiatzea da kontua, baina une zehatzetan eta baldintza erosoetan, horrela espazio berriak irabazten joateko.
Jarraian zure seme-alabari euskara ikasten laguntzeko aholku batzuk jaso ditugu, zure hizkuntza gaitasunaren arabera.
EUSKARA PIXKA BAT BADAKIZU?
EUSKARA BADAKIZU?
Garrantzitsua da hau guztia partekatzea etxean dauden beste helduekin.