Ohikoa da familietan bikotekideetako batek, edo biek, euskaraz ez jakitea. Dena den, horiek ere garrantzi handiko lana egin dezakete euren seme-alabek euskara ikasten laguntzeko. Hizkuntzarekiko motibazioa eta atxikimendua erakuts ditzakete eta seme-alabei hizkuntza erabiltzeko baliabideak eskura jarri: euskarazko kultur, aisialdi eta kirol eskaintza eta euskarazko liburuak, musika, webguneak eta filmak hautatu.

Bikotekidetako batek euskaraz dakienean seme-alabei hizkuntza eta hizkuntzarekiko estimua transmititzeko aukera paregabea dauka. Izan ere, egunero erabiltzen dena estimatzen da.

Nolanahi ere, lagungarria izanen da euskara ez dakien bikotekidearen konplizitatea, oinarrizko esaldiak ikasiz edo ulermena bereganatuz. Horretarako bidea aurkitu dezake haurrak entzuten dituen abestietan, erabiltzen dituen jokoetan eta bisitatzen dituen webguneetan, esate baterako.

Horrenbestez, garrantzitsua da hizkuntza batekiko atxikimendua erakustea eta, esan bezala, horretarako badira hainbat modu, hizkuntza horretan moldatu ala ez. Are gehiago, horrez gain, gurasoek beraien bizipenak kontatzea ere ideia on-ona da: euskara non ikasi zuten, nola… Izan ere, seme-alabak hazi ahala, gero eta ulermen handiagoa dute eta aita-amek kontatutakoak baliagarriak zaizkie euskarari lotzeko.