Garai batean ohikoagoa zen haurrak kalean jolasean ikustea, plazak eta auzoak neska-mutikoz beteta egotea. Gaur egun, ordea, eskolaz kanpoko jarduerek, pantailen presentziak eta eguneroko erritmoak haur askoren aisialdia baldintzatzen dute, eta kaleko zein lagunarteko jolasetarako tartea ez da beti lehen bezain handia.
Horregatik, komeni da gogoratzea jolasak haurren garapenean duen balioa. Jolasean ari diren bitartean, ia oharkabean ikasten dute, eta euskararen erabilera modu naturalean sustatzeko aukera ederra izan daiteke. Gainera, lagunarteko hizkera, esapideak eta hiztegia erabiltzeko testuinguru aproposa eskaintzen du.
Haurrak euskaraz jolasean gustura aritzen direnean, hizkuntza bizipen atsegin eta dibertigarriekin lotzeko aukera dute. Jolas askotan, gainera, abestiak, errimak, formulak, hitz-jokoak eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren esamoldeak erabiltzen dira. Horrek guztiak euskarazko harremanak indartzen eta hizkuntza eguneroko bizitzan modu naturalean txertatzen lagun dezake.
Helburu horrekin sortu zen Jolasak eta Solasak bilduma: kalean, plazan, eskola atarian edo lagunartean euskaraz jolasteko baliabide praktikoa. Bildumak 30 bideo biltzen ditu, eta askotariko proposamenak eskaintzen ditu: goma-jolasak, sokasaltoa, esku-jolasak, zotz egiteko formulak, hitz-jokoak eta kantak, besteak beste.
Bideoak haurrek lagunartean nahiz familian erabiltzeko pentsatuta daude. Azalpenak laburrak eta argiak direnez, jolas bakoitza nola egiten den erraz ikasi daiteke, eta aspaldiko jolasak berreskuratzeko, nahiz berriak ezagutzeko aukera eskaintzen dute.
Bideo guztiak ERAren YouTube kanalean daude ikusgai, transkribapenekin eta, nahi izanez gero, gaztelaniazko azpitituluak aktibatzeko aukerarekin.
Animatu Jolasak eta Solasak bildumako proposamenak ezagutzera. Aukera paregabea izan daiteke familian edo lagunartean euskaraz gozatzeko, kaleko jolasak berreskuratzeko eta denon artean une atseginak partekatzeko.
CC BY-SA 4.0



