Gauza jakina da jolastea, berez sortzen den aktibitate atsegingarri hori, oso onuragarria dela haurren garapenean: errealitatea ordezkatzen duenez, berarekin harremanetan jartzen du; motibagarria eta integratzailea da; gaitasunak garatzen ditu eta ahalegina eskatzen du; eta bilakatzen joaten da, haurraren garapenarekin batera.
Onura horietaz gain, hizkuntza garatzeko ezinbesteko aktibitatea da; izan ere, sozializazioa eta komunikazioa sustatzen ditu, ideiak eta sentimenduak adierazten laguntzen du, jolastu bitartean haurraren imajinazioan dauden irudi eta sentimendu horiek hitz bihurtzen dituelako. Jolasaren bidez probatzen eta egiaztatzen dute erabilitako baliabide linguistikoa egokia den, erabilitako momentuan eta moduan. Alegia, jolasaren laborategian hainbat proba egin behar dituzte, gizartean erabili aurretik.
Haurrek eskolan eskuratzen dituzte komunikazio formalerako hizkuntza baliabideak. Jolasa, berriz, bat-batekotasunaren eremua eta egoera ez-formalen gune naturala da; horregatik mintzaira ez-formala, hizkuntza fresko eta naturala garatzeko aktibitaterik egokiena da.
Hizkuntzaren alderdi hori euskaraz ere garatzea nahi badugu, aukerak eman behar dizkiogu haurrei, eta horretarako biderik egokiena merkatuan ditugun euskarazko jostailu eta jokoen alde egitea da. Jostailu eta joko horietako asko jasota daude euskarazko produktuen katalogoan, eta eskura dituzu www.katalogoa.eus webgunean.