Gauza jakina da jolastea, berez sortzen den aktibitate atsegingarri hori, oso onuragarria dela haurren garapenean: errealitatea ordezkatzen du eta hura imitatu nahi izaten da; motibagarria eta integratzailea da; gaitasunak garatzen ditu eta ahalegina eskatzen du; eta bilakatzen joaten da, haurraren garapenarekin batera.
Onura horietaz gain, hizkuntza garatzeko ezinbesteko aktibitatea da; izan ere, sozializazioa eta komunikazioa sustatzen ditu, ideiak eta sentimenduak adierazten laguntzen du, jolastu bitartean haurraren imajinazioan dauden irudi eta sentimendu horiek hitz bihurtzen dituelako.
Gainera, familian jolasten bada, bigarren helburu bat ere beteko da: elkarrekin denbora pasatzea, disfrutatzea eta momentua partekatzea. Horretarako joko egoki bat hautatzea lagungarria izanen da, eta horretan laguntzeko Dindaia Fundazioa oso bidelagun aproposa da, besteak beste, Jostailuen erakusketa eta Jolas Gunea antolatzen baititu Nafarroako hainbat herritan.
Erakusketa honen helburu nagusia euskararen transmisio egokia sustatzea da: jolasaren oinarrian hizkuntza dago, hots, euskara. Seme-alabekin jolastean euskara bitarteko eta helburu bihurtzen dute; familiartean jolastean sortzen den giroa berezia da eta horregatik garrantzitsua da jolas eta jostailuak egokiak izatea. Gaur egun izugarrizko eskaintza dago merkatuan, eta eskaintza honen aurrean egokiena aukeratzeko irizpideak behar izaten ditugu. Erakusketa honek horretan laguntzen du, hainbat aholku ematen baitira erakusketako panel informatiboetan, euskarari zein jolasari, berdintasunari eta publizitateari buruzko hainbat iradokizun eskaintzen dira.
Gomendioekin batera, erakusketa honetan argitaratutako eta ekoiztutako azken nobedadeak familien esku jartzen ditu Dindaiak: jostailu hezitzaileak, euskarazko edota euskaratutako mahai jolasak… aukera guztiak ezagutu eta familiartean euskaraz gozatu ahal izateko.
Erakusketaz gain Jolas Gune bat ere prestatu ohi du Dindaiak, familiek zein haurrek bertan topatuko dituzten jostailu eta mahai jolasetan aritzeko parada izan dezaten. Adin guztietarako jolasak egoten dira eta oso aukera aproposa da jostailua edo jokoa erosi aurretik nolakoa den eta nola jostatzen den ikasteko.
Aurtengo datak hauxek:
JOSTAILUEN ERAKUSKETA |
JOLAS GUNEA |
Azaroaren 22an eta 23an Antsoainen, Loza kulturgunean.
Azaroaren 28an 29an Lesakan, Harriondoa kultur etxean. 16:30etatik 19:00etara Abenduaren 9,10 eta 11n Berriobetin, María de Maeztu Kultur Etxean (Artika). |
Gabonetan Iruñeko Gaztelu Plazan egonen da euskarazko jolas-gunea. Hona datak:
|
CC BY-SA 4.0