Seme-alaben hezkuntzan gurasoek zeresan handia dute. Erabakiak hartzen dituzte elikaduraren, aisialdiaren eta eskolaren inguruan, bai eta hizkuntzaren inguruan ere.
Euskarak seme-alaben egunerokoan presentzia izan dezan aukerak bilatzea da gakoa. Baina, nondik hasi? Zer egin daiteke?
Zapore anitzetako errezetak
Familia bakoitzak bere egoera, ohiturak eta aukerak ditu. Ez dago errezeta bakar bat, baina errezeta on guztiek bezala, badira oinarrizko osagai batzuk emaitza hobea lortzen lagunduko dutenak. Gero, bakoitzak bere erara nahas ditzake, etxean dituen baliabideekin eta bere gustura.
- Gatza: egunerokoan euskara presente izatea.
Etxean euskarazko liburuak izatea, musika entzutea, film edo telesail bat euskaraz ikustea, familian jolastea… Egunerokoan har daitezkeen ohitura txikiak dira. - Piperbeltza: interesa erakustea.
Seme-alaben euskarazko jardueretan interesa erakustea eta haien interesak elkarrekin partekatzea ere euskarari lekua egiteko modu bat da. - Osagai nagusia: harremanak.
Lagunekin jolastea edo herriko jardueretan parte hartzea aukera ezin hobea da euskarazko harremanak sortzeko eta hizkuntzarekin lotutako bizipen atseginak izateko.
Piztu sua!
Errezeta on batek osagaiak baino zerbait gehiago behar du: prestaketa lana ezinbestekoa da. Eta guraso aktibo izatea ere horixe da: inguruan dauden aukerak ezagutu eta horietara aktiboki hurbiltzea, urrutira joan gabe. Batzuetan, liburu batek goxatuko du errezeta, beste batzuetan ordea, kanta batek, lagunarteko plan desberdin batek edo herrian antolatutako jarduera batek.
Atarrabian, esaterako, Lapiko proiektua sortu dute. Euskaraz bizitzeko eta sozializatzeko espazioa da, adin eta jatorri desberdinetako pertsonak elkartzeko aukera ematen duena: haurrak, gazteak, helduak, familiak, bizilagunak…
Eta, sukaldean bezala, Lapikon ere osagai ugari nahasten dira. Hamaika ekintza antolatzen dituzte urtean zehar, haurrentzat, familientzat eta helduentzat. Horiek guztiek euskaraz disfrutatzeko, partekatzeko eta elkarrekin bizipen berriak izateko aukera ematen dute.
Halako ekimenak ugariak dira Nafarroako hainbat eta hainbat herri zein auzotan, familien gozamenerako. Bertaratzea eta probatzea da eskaintzen dutena ezagutzeko biderik onena. Osagaiak ez baitira beti etxeko sukaldean bakarrik izaten.
Bilatu zure osagaiak, nahastu gustura eta egin zure errezeta!
CC BY-SA 4.0



