ARG: Korrika
Korrika euskararen aldeko lasterketa
KANPOAN

Korrika “harro” egiteko egunak

Haur, gazte, heldu, zahar, alaba, seme, ama, aita, aitona, amona, bizilagun, herrikide, ezagun, ezezagun… guztiontzat dago lekua Korrikaren bidean, eta guztiok elkarrekin emandako urratsek emanen diote indarra Herri Harro bati Baionara iristeko. Hemen da KORRIKAren 23. edizioa!

Euskararen aldeko ekimen erraldoia, emozioz betea eta parte-hartzailea da Korrika. 1980. urtean lehen aldiz abiatu zenetik, milaka eta milaka herritar mugiarazi Korrikako logoaditu, eta euskararekiko atxikimenduaren depositua betetzen lagundu du beti. 44 urte pasa diren arren helmuga bera izaten segitzen du lasterketa erraldoiak: euskararen aldeko kontzientziazioa suspertzea eta euskaltegien lana indartzeko dirua biltzea. Baina, hori baino askoz gehiago ere bada Korrika. Jendea batu egiten du, guztientzat tokia baitu: euskara ikasten ari direnentzat, egunero erabiltzen dutenentzat, euskaraz ez dakiten arren seme-alabak euskarazko eredura eramaten dituztenentzat, etorri berri direnentzat …

Garikoitz Goikoetxeak Berrian idatzi duen Harro, herri, irri, orro, arre artikuluan dioen bezala:“…lekuko bera eramango dute euskaltegian hasi berri den ikasleak eta euskalgintzan urteak daramatzan boluntarioak, euskaraz eroso mintzo den euskaldunak eta seme-alabak euskarazko hezkuntzara bidali dituen erdaldunak. Horra herria. Aniztasunaren isla da Korrika, eta areago azken urteetan”.

Kolore guztietako herritarrak bilduko dira Irunen, Korrikaren hasiera ekitaldian. Arratsaldeko 15:30ean lehertuko da festa eta ordu erdira emanen ditu lehenbiziko pausuak Korrikak, eta etenik gabe ibiliko da, herriz herri, martxoaren 24an Baionara iritsi arte. 2.500 kilometro inguru eginen ditu euskararen aldeko lekukoak, eskuz esku. Egun horietan parte-hartzeko aukera zabala izanen da, baita familientzat ere, gurasoak eta seme-alabak elkar hartuta euskararen aldeko ekimenean parte hartzeko eta bide batez gozatzeko aukera bikaina ematen baitu.

Ibilbideak hamaika itzulinguru egiten dituenez gure lurraldean barna, aukera izanen da nork bere intereseko edo gustuko eguna, ordua eta ibilbide-zatia hautatzeko. Ibilbide osoa, egutegia eta ordutegia barne, hemen kontsulta daiteke. Bestetik, badira Korrikak munduan barrena, hainbat lurraldeetan bizi diren euskaltzaleek antolatuak.

HARRO, HERRI dio aurtengo Korrikaren leloak. ERAtik ere nabarmendu eta azpimarratzen dugun mezuarekin bat dator: ekin harro euskarari!

Datozen egunetarako plana antolatzen ari bazinen, beraz, aukera ederra duzu KORRIKArekin. Gozatuko du familiak, zalantzarik gabe, eta, aldi berean, euskarari beste bultzada bat emanen diozue. Harrotu dadin herria!

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat