Gaur egun, niniei anbarezko lepokoak jartzen zaizkie, onuragarriak gertatuko zaizkielakoan: mina arintzeko, zirkulazioa bizkortzeko eta arnas sistemarako onak direla diote. Haurren sehaska edo logeletan ere ametsak harrapatzeko zintzilikarioak jartzen dira, gauean goxo-goxo lo egin eta amets gaiztorik izan ez dezaten. Azken garaian puri-purian dauden kutunak dira.
Babestuta eta seguru sentitzeko beharra, ordea, ez da berria, antzin-antzinakoa da eta kultura guztietan ematen den fenomenoa da, gainera. Behar hori asetzeko zenbait objektu baliatu izan dira denboran zehar, ahalmen berezia, magikoa, dutelakoan. Ezaugarri sendagarriak egotzi dizkiegu edo babesteko eta zorte ona emateko gaitasuna. Gure inguruan “begizkoa” deitu izan diogunaren aurka erabili ohi dira, hau da, balizko mehatxuen edo kontrolatzen ez den guzti horren aurka. Azken finean, sinismen magikoak gizakiaren jitearen parte dira.
Gure kulturan ere oso zabalduta egon dira eta daude, oraindik, kutunekin lotutako sinesmenak. Hori bai, garai bakoitzean modako bat egon da. Duela zenbait urte, haur jaio berriari edo lehen jaunartzea egiten zuenari “katea” oparitzen zion ama- edo aita-pontekoak. Tradizio kristauari jarraikiz, aldeetara irudi erlijioso bana zuen. Atzerago joanda, gure aitona-amonen haur garaian, oihalezko zinta batez lepotik zintzilikatzen zieten “kutuna”. Zorrotxo bat zen, barnean ogia, ikatza, xaboia edo haurraren zilbor-hestea biltzen zuena.
Azkonarraren atzamartxoa
ekarriko dot menditik
begizkorik eztegizuen
bulartxoarean isegi
Inguru honetan Eguzkilorea eta Lauburua dira, zalantzarik gabe, kutunetan kutunenak. Eguzkiaren ahalmenarekin lotutakoak biak, ez dute denborarekin galdu beren xarma eta erakargarritasuna. Soinean ez ezik, ate, leiho eta balkoietan jartzen ditugu izpiritu gaiztoen eragina galarazteko.
Kutunak babeserako eraginkorrak izan ala ez, haurrek noizbait mina hartuko dutela gauza jakina da. Momentu horietan gurasoen hitzek efektu on eta sendagarria, magikoa, dute seme-alabengan. Luzaiden jasotako esapide honekin proba dezakezue:
Senda mina kaka urrina
sendatua da zure mina
Edo Igantziko beste honekin:
Senda senda mirubu
olio xalda xiribu
mina hau sendatu zaigu
Momentu horietan abestiak ere primerako botikak dira.