Laugarren astea. Haur kantek gordetzen duten literatura
Kanten eskutik literaturaren mundua hurbilduko diezue seme-alabei. Izan ere, haurren lehen esperientzia literarioak haur kantak eta leloak izan ohi dira. Istorioak eta ipuinak entzutea gero etorriko da. Jarraitu beharreko aholkua da, beraz, gustuko dauzkazuen kanten bilduma egitea. Ez duzue oso zerrenda luzerik beharko, izan ere, hoberena da denbora ematea horietako batzuk buruz ikasteari. Gurasoek paseoan edo bidaietan abesteko ohiturari esker ikasiko ditu haurrak bere haurtzaroko lehen kantak, gerora nekez ahaztuko dituenak.
Marijane Minaberriren letran oinarrituta Oskorrik sortutako Altxalilia kanta hasteko modu ederra izan daiteke:
Xuri, gorri, urdin
nahasteka berdin,
luma bezain arin.
Lore bat iduri
agurka deneri,
orotan pollita
da altxalilia.
Zeru urdinean
dabila airean,
pausatuz artetan.
Loren bihotzetan,
pilpiran daukaten
ihintz nigarraren
goxoki xurgatzen.

