marijane kantazan portada
BALIABIDEAKETXEAN

Nor da Marijane Minaberri?

Egun, haurrendako euskarazko liburuak izatea arrunta bada ere, ez da beti horrela izan. Literaturaren munduan sartu eta atzera begiraturik, erraz antzematen da idatzizko tradizioa berri samarra dela. Ahozko literatura aberats-aberatsa da, duela hainbat mendetik jaso baititugu ipuinak, esaerak, jolasak eta poemak ahoz aho. Baina, idatzizkoan ez da berdin izan, XX. mendera arte ez baitzen benetako aurrerabiderik eman. Izan ere, 60. hamarkadatik aurrera hasi zen garatzen,  batez ere, ikastolen mugimendua sortu eta indarra hartu zuen momentutik aurrera.

Euskarazko irakaskuntzaren sorrerak, beraz,  eragin zuzena izan du haurrendako kultur sorkuntzan  eta, literaturari erreparatuz gero, bada izen nabarmenik,  Marijane Minaberri baxenafarrarena esate baterako. Imanol Urbieta haurrendako musikan bezala, adin-tarte horri begira lanean hasi eta aitzindari izan zen literaturan Minaberri. Gainera, alor bakarrera bideratu beharrean, testu mota asko landu zituen: antzerkia, ipuingintza, komikia eta, batez ere, poesia.

Gomendatutako lanak:

  • Marijane konta zan: 10 urtetik gorako haurrendako ipuin-bilduma, Elkarrek argitaratua. Ipuin bakoitzak  bina bertsio dakartza: bata, Minaberriren herriko euskaran eta bestea, euskara batuan. Liburua dendetan edo liburutegietan aurki daiteke.
  • Marijane kantazan: Oskorri taldeak Minaberriren poemak musikatu zituen Marijane Kantazan diskoan. Hemen diskoa osorik entzun daiteke: