ARG: Pixabay
mutiko bat liburu eta letren artean
KANPOAN

Liburuen lilura

Oraingo honetan hiru gertakariren berri ematera gindoazen, denak liburugintzarekin eta irakurzaletasunarekin lotuak: Ikusi Mikusi, haur eta gazteentzako Liburu Azoka; Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa eta Liburuaren Eguna.  COVID-19a dela eta, ekimen hauek guztiak bertan behera utzi edota eraldatu dira, baina aukera probestuko dugu, gutxienez,  Ikusi Mikusi azokaren berri emateko, lehenengoz egitekoa baitzen.

Apirilaren 3an eta 4an egitekoa zen, Saran (Lapurdi) eta, esan bezala, haur eta gazteei zuzendutako liburu azoka zen, euskara hutsezko liburuen agertoki.

Helburu nagusia du euskarazko haur eta gazte literatura plazara ateratzea eta sustatzea, eskolako gaztetxoei baita publiko orokorrari ere, hobeki ezagutzera emateko, gazteenei zuzendutako literatura euskal kulturaren ardatz nagusietakoa izan arren,  beti ez baita behar bezala azaleratzen.

Azoka haur eta gazteen neurrira diseinatu zen, noski. Alderdi hori aurreneko egunean nabarmenduko zen batez ere, Eskolen Eguna egitekoa baitzen. Euskal Herri osoko 1.000 haur baino gehiago espero zituzten, azokan, tailerretan eta ikuskizun parte hartzaileetan partehartzeko. Baina, horrez gain, familiendako eguna ere aurreikusita zegoen, larunbatarekin. Programa berezitua, beraz, aita-ama eta haurrek partekatzeko. 

Bertan behera utzi behar izan bada ere,  antolaitzaileak heldu den urteko azoka prestatzen hasiak dira jadanik. Beraz, gorde data hauek: 2021eko martxoaren 25a, 26a eta 27a.

CC BY-SA 4.0