Nola kontatu eta azaldu historia haur eta gaztetxoei? Alegia, astunak izan gabe, inor asperrarazi gabe, entretenituz, erakutsiz, eta irudimena sustatuz? Bide hori egiten hasita daude Lur eta Amets pertsonaia bizi, dibertigarri eta atseginak, ipuin, mahai-joko, ezagutza-liburu ilustratu… eta abarren bidez. Orain, Lur eta Amets filmaren bidez erakutsiko digute nolakoa izan den Euskal Herriaren historia.
Lur eta Amets izeneko neska-mutikoak dira protagonistak. Bikiek, amona Andereren etxean pasako dute asteburua. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazigozoak bizituz, gure historian zehar bidaiatuko dute.
Hik Hasi aldizkarian filmari buruz egindako erreportaje batean jasotzen denez: “Ez da historia bere horretan kontatzen. Euskal Herriko historia hitza oso potoloa da, eta haur eta gaztetxoengana iristeko produktu bat egitea izan da gure asmoa. Horregatik, fikzioa egin dugu eta irudimenarekin jolastu dugu. Lur eta Ametsen abenturak dira filmaren muina, baina abentura horiek gure historiaren garai desberdinetara egokituta agertuko zaizkigu, hasi historiaurretik eta gaur egunera arte”.
Irudia, irudimena, sormena, abenturak, bizipenak, kolorea… horiek denak dira Elkarrek, Katxiporretak eta Ikastolen Elkarteak Lotura Films ekoiztetxearekin sortu duten Lur eta Amets filmaren osagaiak. 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta gaztetxoentzat bereziki interesgarria, baina gurasoentzat ere gustagarri, eta, bide batez, gure iraganaz eta orduko bizimoduaz zerbait ikasteko modukoa.
Filma otsailaren 7an estreinatuko da Euskal Herriko zinema-aretoetan, baina hori baino lehen Lur eta Amets ikuskizuna zenbait herritan ibiliko da. Altsasun, esate baterako, urtarrilaren 12an, Iorta Kultur Gunean, 17:00etan; eta Iruñean, urtarrilaren 22an, Katakraken, hori ere 17:00etan.
CC BY-SA 4.0