ARG.: EITB
BALIABIDEAKETXEAN

Lur eta Amets, orain etxeko telebistan

Haurrentzako saio berria hasi da eskaintzen ETB1, LUR ETA AMETS, HAU BAI ABENTURA! eta Euskal Herriaren historiako hainbat pasarte kontatuko ditu. 

Lur eta Amets filman du oinarria eta ordu erdi inguruko saioa izanen da, astelehenetik ostegunera. Gaueko 21:00etan emanen da ETB1en eta 15:30ean ETB3n. Guztira 12 atal izanen dira.

Lur eta Amets pertsonaiak amonaren ganbarara igoko dira gauero, eta bi zati dituen emankizuna eskainiko dute. Lehenbizi Euskal Herriko historian oinarritutako animaziozko atal bat erakutsiko dute eta, segidan, lehiaketa bat izanen da. Ikusitako kapituluaren inguruan jolasean arituko dira bi haur eta bi heldu, beti ere, garai historikoa hobeto ezagutzeko ahaleginetan. Horretarako lau proba burutu beharko dituzte: Mimika, marrazketa, galderak eta esamoldeak asmatu.

Emititu diren lehenbiziko lau programetan Orreagara bidaiatu dute, 778. urtera; Nafarroako Erresumaz ere aritu dira; eta beste batean, Erdi Aroko azokako ofizioak ikastera joan dira Gasteizera.

Aste honetan, berriz, honako gaiak jorratuko dituzte: Inkisizioa Zugarramurdira iritsi zenekoa, Baionak txokolatearekin duen lotura historikoa, Arabako Errioxako ardoak, II. Karlistaldia eta Industria Iraultza.

Familia lehiaketa honek aukera ederra eskaintzen du gure historiako pasarte batzuk ezagutzeko, eta era berean, euskarazko esamolde eta adierazpenak ikasi eta praktikatzeko, etxekoekin jolastuz.  Orain arte emandako atalak ikusteko aukerarik izan ez duenak badu horretarako modua, izan ere, horiek denak, zein hemendik aurrerakoak, EITBko hiru3 orrian egonen dira ikusgai.