Ama, aita, joan egin nahi dudala!!! Iaz nire lagun guziak izan ziren udalekuetan: Mattin eta Ane Orion izan ziren, Laura eta Joel Zuhatzan, lehengusu-lehengusinak Arantzan, Markel Hondarribian… Denetarik egin zuten: espeleologia, sukaldaritza, surfa, mendi txangoak, bertsolaritza, piragua, baratza… Txoratzen itzuli ziren guztiak. Hura inbidia nirea, haien istorio dibertigarriak entzuten nituen bitartean!
Beraz, aurten bai. Aurten nik ere joan egin nahi dut. Badakizue dagoeneko zabalik direla udalekuetan izena emateko epeak? Mugi, ez dut tokirik gabe gelditu nahi! Ez dago aitzakiarik: euskarazko udalekuen aukera guziak xehe-xehe emanak dituzue hemen: nora joan naitekeen, zein datatan, zein diren prezioak, izena emateko epeak…
Joan aurretik, motxila prestatzen dudan bitartean, pixka bat urduritu eginen naiz segur aski. Puff… 7-10 egun etxetik kanpo! Baina desiratzen nago udalekuetan abenturak bizitzeko, gaubelak gozatzeko edota jolas eta erronketan aritzeko. Gainera, hango eta hemengo lagun berriak ezagutuko ditut, eta guztiekin euskaraz aritzeko aukera izanen dut. Izan ere, ama-aita, zuek ba al dakizue zeinen aproposak diren udalekuak euskara informala, lagunartekoa, ikasteko eta praktikatzeko? Horrek euskaraz aritzeko azkartasuna emanen dit, askotan falta zaidan jario hori. Gogoratu, zenbat eta aukera gehiago eman, orduan eta errazago ikasi eta hobetuko dut nire euskara.
Ez zait plan hoberik bururatzen: gustuko jardueretan, lagunez inguratua eta euskaraz. Zeinen ongi! Primeran pasatuko dut!
CC BY-SA 4.0