Mintzapraktika
KANPOAN

Mintzapraktika: euskaraz hitz egin, ikasi eta partekatu

Euskara ikasten ari diren helduek, askotan, hizkuntza praktikan jartzeko zailtasunak edo mugak izaten dituzte. Euskaraz aritzeko ohitura, jariotasuna eta erosotasuna eskuratzeko Mintzapraktika programak sortu ziren. Nafarroan Mintzakide edo Solaslaguna izenekin ezagutzen dira.

Mintzapraktika egitasmoen funtzionamendua oso sinplea da: euskaraz ongi moldatzen den pertsona bat (edo gehiago), hizkuntza maila hobetu nahi duten lagun talde batekin elkartzen da eta hainbat gairen inguruan mintzatzen dira partekatzen duten denbora tarte horretan.

Hala, bada, astean behin gutxienez ordu batez euskaraz hitz egiteko talde txikiak osatzen dira. Denbora-tarte horretan talde bakoitzak erabakitzen du zer egin nahi duen, kafe bat hartu, paseatu, kirola egin… 

Ikasturtean zehar, gainera, talde guztiei zuzendutako zenbait saio osagarri antolatzen dira: mendi ibilaldiak, bisitaldi gidatuak, irteerak…

Mintzapraktika talde hauek, beraz, ez dira klaseak eta euskaraz hitz egiteko ohitura duen pertsonak ez du irakasle gisa  aritu beharrik.

Funtzionamendua sinple bezain eraginkorra da. Euskara praktikatu nahi dutenen hizkuntza maila handitu egiten da eta gehiagotan erabiltzen dute. Gainera, lagun talde berriak, esperientziak eta une dibertigarriak sortzen dira.

Euskara ikastea ez da soilik gramatika eta hiztegi kontua. Jarrera kontua ere bada, eta garrantzitsua da seme-alabei ideia hori transmititzea, eredu emanez. Haurrek eskolan euskaraz ikasten badute ere, etxean eta kalean erabilera indartzea funtsezkoa da, hizkuntza ohitura sendoak sortzeko eta euskarari espazio natural, lasai eta eroso bat emateko.

Haurrak euskaraz ikasten ari direnez, gurasoek ere hizkuntza erabiltzeko ahalegina egiteak mesede egiten dio hizkuntzaren transmisioari eta honek duen balioari. Mintzapraktiketan parte hartzeak gurasoei segurtasuna eman ohi die euskaraz komunikatzeko, eta bide horretan, seme-alabentzat eredugarri izateko aukera ederra eskaintzen du.

Beraz, euskara gehiagotan erabiltzeko, hizkuntza gaitasuna handitzeko, harremanak  euskarazko izateko, ikasten ari direnei laguntzeko… Mila arrazoi daude Mintzakide edo Solaslagun izateko!

Izen-ematea zabalik dago.