Porrotx eta Pirritx pailazoekin batera ikusi izan dugu beti Marimotots gure herrietako plazatan, umeak ilusioan, alaitasunean eta maitasunean hezteko mezu itxaropentsu eta alaiak eskainiz. Izan ere, pailazoen abestiak, letrak eta jolasak umeen bidelagun dira.
Lagun alaia, bihurria eta maitakorra da Marimotots, eta pailazoen ikuskizunetan Mertxe Rodriguez aktorea da pertsonaiari bizia ematen diona.
Mertxeren familia Extremaduratik Euskal Herrira etorri eta Lasarte-Orian hartu zuen bizitokia. Euskaldun berria da Mertxe, eta umetan gaztelaniaz ikasi eta institutu garaian hasi zen euskaldunekin bere lehenengo harremana: “Belarria jarri eta ez nuen ezer ulertzen; lotsa sentitzen nuen euskaraz hitz egiten zidatenei ezer ulertzen ez nienean. Horregatik erabaki nuen euskara ikastea”. Orduan eman zituen, hain zuzen ere, euskara ikasteko lehen urratsak.
Euskaltegian hasi eta zenbait urtez hizkuntza ikasteko prozesua burututa, ikasitakoa praktikan jartzeko eta hizkuntza erabilera ohituretan aldaketa egiteko unea iritsi zenean egin zuen topo Mertxek pailazoekin, eta zeregin horretan trebatzeko aukera ezinhobea sortu zitzaion: “euskara zen taldearen oinarri sendoetako bat eta izugarri eskertzen diet emandako laguntza guztia”.
Ametsei kasu egiten die Mertxek eta amets bati erantzunez hasi zen euskara ikasten. Bidean topatutako zailtasunei aurre egin, afizio zena ofizio bihurtu eta gaur egun euskaraz bizi da: “euskararekin ez dut hizkuntza bakarrik ikasi, zerbait gehiago ere ikasi dut, nire ustez: kultura bat ezagutu dut, lehen ezagutzen ez nuena, oso aberatsa eta handia”.
Marimototsek, Pirritx eta Porrotxekin batera, “Urteak bete, abenturak bizi” ikuskizuna estreinatuko dute datozen egunotan eta Nafarroan ere izanen dugu ikuskizunarekin gozatzeko aukera. Hemen ikus ditzakezue emanaldien hitzorduak.
Azken 35 urte hauetan euskararen bidegile izan dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots haien laguna, eta horrexegatik eta euskaraz eta euskaratik lan egiteagatik omendu zituen aurtengo Korrikak.
CC BY-SA 4.0