enborrak sutan
ETXEAN

Olentzero eta neguko erritualak

Neguko festen zikloa Arimen Gauak zabaltzen badu ere, ospakizunen gailurra neguko ekinozioarekin heltzen da, dudarik gabe, eta harekin, Olentzero.  Sukilaren edo eguberritako enborraren pertsonifikazioa da, ziur aski, Olentzeroren jatorria. Sukila gabon gauean pizten zen eta sutan mantentzen zen urteberria hasi arte. Piztutako su horrek neguaren amaiera eta urte zaharra adierazten ditu, eta era berean, urte berrian sartzen laguntzen du. Festa horren bueltan Olentzero ere agertzen da, pertsonaia beldurgarria eta barregarria zen, era askotako panpinez irudikatuta.

Olentzeroren errepresentazioa aldatu da gizartearekin batera, eguberrietako beste ohitura batzuk aldatu diren bezala: eske-errondan ibili beharrean opariak erostera joaten gara; norberak edo auzoan irudimenak agindutako panpina egin eta jaia antolatu beharrean ikuskizun bihurtutako kalejirak ikustera ateratzen gara…

Garai batean, oso zabalduta zegoen neguko ziklo osoan eskean ibiltzea. Tradizio horren aldaera dira Urdiainen gaur arte gorde diren “ur goiena, ur barrena” ohitura eta koplak. Lehen, urtero berritzen ziren erritual horiek, baita Nafarroako beste leku askotan ere, esaterako, Baztanen, Basaburuan, Imotzen, Larraunen, Arakilen… Urdiaingo kasuan mendeetan eutsi zaio ohitura honi, nahiz urteen poderioz  hainbat aldaketa izan dituen. Garapen horren lekuko dira garai ezberdinetan grabatutako irudi hauek: 1972ko Navarra cuatro estaciones  eta Jone Pagaldayk 2016. urtean jasotakoa.

Neurri batean edo bestean, guztiongan irauten du naturarekin bat egiteko beharrak. Ziklikoki berritzen den nahi bat da, gainera, gau luzeak laburtuko direla eta Eguzkia gailenduko dela berresteko nahia bezalaxe. Beraz, “gorputza eta arima garbitzen dituen” ur berria edan eta abestu:

“Ur goiena, ur barrena
urte berri egun ona”

Ur berriaren irudia hartu dute “Ur berri, urte berri” diskoaren egileek ahaztuta zeuden hainbat kanten bildumari izena emateko. Musikari bikainak bildu dira aita Donostiak bere garaian bildutako gabon-kantak berreskuratzeko.