Ekainaren 23an, eguneko argiak itzaltzen hasten direnean, San Joan bezperan ohikoak diren suak pizten hasiko dira herri eta auzoetan. Hain errotuta dagoen udako solstizioaren inguruko ospakizun hau, barrenak garbitzeko eta ohitura txarrak baztertzeko baliatzen da.
Arbasoek, suaren bitartez, gauaren iluntasuna uxatzen zuten. Antzinako usteen arabera, elementu honek gainera, garbiketa eta babesa eskaintzen zituen.
Egun, Euskal Herriko txoko gehienetan pizten dira eta sugarren inguruan dantzatuz, kantatuz eta erritu desberdinen bitartez, urtean zehar pilatutako gaitz eta zamak erretzen dira, ziklo berriari indarberrituta hasiera emateko. “Ona barnera, gaiztoa kanpora!”
San Joan Gaua, bada, aukera paregabea da seme-alabei euskal kultura eta ohiturak transmititzeko. Suaren antzera, hizkuntza eta ohiturak bizirik mantentzen dira erabiltzen badira. Arlo akademikotik haratago, festak, kantak, jolasak eta ospakizunak euskara modu naturalean erabiltzeko tresna indartsuak izan daitezke.
Hala, gau berezi hau familian eta euskaraz gozatzeko une egokia izan daitezke. Herriko ospakizunetan parte hartzea, suaren inguruan dantzatzea, kontuak eta kondairak entzutea… Momentu horiek guztiak, etorkizunean, seme-alabentzat oroitzapen bihurtuko dira. Horrelako esperientziek lotura emozionala sortzen dute euskararekin eta euskal kulturarekin, eta horrek hizkuntzarekiko motibazioa areagotzen du.
Ondorioz, hasi berri dugun uda sasoi honetan, garrantzitsua da seme-alabek euskararekiko sentitzen duten atxikimenduan gurasoek jokatzen duten funtsezko rola gogoraraztea. San Joan Gaua gisako ospakizunak ez dira soilik iraganeko errituak: etorkizunerako tresna bizigarriak izan daitezke euskararekiko motibazioa eta erabilera pizteko.