Agata deunaren ospakizuna aski erroturik dago euskal kulturan. Gure herrietan ezagunak dira Santa Ageda bezperan, makil bat eskuan dutelarik, kalera kantari ateratzen diren neska-mutil taldeak. Abestiaren erritmoari lagunduz, kantariek lurra kolpatzen dute hura negutik ernatu nahiko balute bezala.
Aurreko asteotan nagusiki haurrak ibili ohi dira kantuaren letra ikasten, baita entsaiatzen ere, batera abestea eta makilaren laguntzaz ongi koordinatu beharreko kontua baita. Hasierako zatia da kantatuena, baina kopla gehiago ditu berezko testuak. Hona, gehien-gehienetan erabiltzen dena:
Santa Ageda_Koplak
Eta abesti osoa ezagutzeko: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/dokumentu-fondoa/euskal-kantutegia/ab-4968/
Dena den, ospakizunaren harira lehen beste erritu batzuk ere egiten ziren Nafarroako hainbat tokitan. Esate baterako, ohikoa omen zen Agata deunaren gauean kanpaiak jotzea. Dirudienez, sorginak uxatzeko egiten zen hori, haiek ohitura baitzuten gauean ateratzeko. Igal herrian (Zaraitzun), esaterako, 1960ko hamarkadara arte gazteak kanpandorrera igo eta kanpai hotsak ateratzen pasatzen zuten gau osoa. Altsasun, ordea, neska gazteak etxez etxe ibiltzen ziren eskean, eta Arruazun (Sakana) tximiniak garbitzen ziren ohorezko meza entzun aurretik.
Bestalde, baziren suari loturiko errituak ere Agate deunaren bezperan. Ablitasen, hain zuzen, ohitura zuten kanpandorrean sua pizteko, udako ekaitzak gau horretan banatzen zirelakoan. Arroitzen ere suak pizten zituzten kaleetan eta, turutaren deiadar baten ondoren, urtean izandako gertaera nabarienak bertso baten bidez kontatzen zituzten herriko agintariek. Suarekiko lotura hori beste inguru batzuetan ere jaso izan da. Italian, esate baterako, suari loturik zegoen Agate deunaren gurtza, Etna sumendiaren leherketen aurkako zaindaria baita.
Horrela bada, otsailaren 4an Agate deunaren koroak kaleetan ibiliko dira non-nahi. Bitartean, hona hemen Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Oles oles lurra esna zaitez kanta ederra, lurra neguko loalditik esnatzeko abestia:
CC BY-SA 4.0