ARG: ERA eta Arangurengo Ibarreko Udala
KANPOAN

Tipi-tapa, tipi-tapa, Aranguren ibarrean ipuin-paseoak

Tipi-tapa, tipi-tapa bazen behin Aranguren Ibarrean Lamia, Aker, Mari, otsoa, Tartalo… Euskara, paseoa eta familiak eskutik.

Jakina da zein onuragarria den etxeko txikiei ipuinak kontatzea: lotura afektiboa, barrura begiratzeko aukera, hitzen esanahiak, hitz berriak, irudimena, jakin-mina eta, batez ere, ipuinak gozamena dira. Eta zer esanik ez mendi ibilaldiak familian egitea, lautadan edo gailurretik tontorrera, luzeak edo motzak, osasuna eta askatasuna, kirola eta natura, kanpora begira arnasa hartzeko aukera.

Bada, zergatik ez biak uztartu? Honela, aukera bikaina da ipuinak kontatzea edo ikustea istorioa gertatu den tokian, haurrek bertatik bertara ezagutu dezaten, sinesgarritasuna eta magia ahurka irabaziz. Gainera, ibilbidean gabiltzala bertako paisaia eta toki-izenak probestuz, ipuinaren istorioa luzatu ahal da, bukaera aldatu… ala berritik asmatu.

Aranipuinak ezagutu nahi dituzu? Lotura honetan [https://www.aranguren.es/eu/ARANIPUINAK%20%20Ibarreko%20izen%20eta%20izanen%20ibilbideak/] duzu informazio guztia, besteak beste, ibilbideen ezaugarriak, mapak, ipuinak eta azalpenak.

Attuna kaska zuria, putz egin eta… kontuz! (Mutiloa)

Ane, Mikel, Markel eta Miren Xubingo izeneko lekutik gertu zeuden antzinako Mutiloara eraman zituen zerbait gertatu zenean. Tartalorengandik ihes egiten dute Iturtxiki eta Lezkairu izeneko lekuetan zehar. Agian zu ere joan zintezke garai hartara…

Peio eta otsoak (Taxoare)

Peio Txikia urtero abelbidetik joaten da Taxoarera bere artaldearekin. Bere Taxoareko egonaldia asko gustatzen zaio, baina urte batez, dena da ezberdina. Otsoak gero eta gehiago hurbiltzen dira herrira Oianandia eta Oiantxikiatik eta jendea erabat beldurtuta dago. Peio Txikiak irtenbidea aurkituko du.

Mari jainkosa (Zolina)

Mari Jainkosa zoriontsu bizi zen Zolinako Marizulo izeneko lekuan Erromatarrak iritsi eta ingurunea desorekatu zuten arte. Marik herria uztea erabaki zuen, baina bertako biztanleak babesteko zerbait utzi zuen.

Akermendiko zaharra (Labiano)

Emakume erromes bat, Donejakue bideko aterpetxe batean asko hunkitu zen Labianorekin zerikusia zuen istorio bat entzun zuenean. Bidetik desbideratzea erabaki zuen eta Oianko, Pagadi, Kaskaillua, Aldapazoko, Mokarte eta Akermendia zeharkatuz Labianora iritsi zen. Bertan zahar batekin egin zuen topo eta bere bidea jarraitu ahal izateko ahokorapilo bat ikasi beharko zuela adierazi zion.

Erleak eta lamiak (Aranguren)

Duela urte asko Aranguren herrian ezohiko guda bat hasi zen Bordaxar eta Lizardi artean hegan ibiltzen ziren erleen eta Lamiturri eta Bexuingo iturrian bizi ziren Lamien artean. Venturak dioenez, guda hura oraindik ez da bukatu. Guk zerbait egin ote ahalko dugu bakea egin eta Lamiak berriz ere Ibarrera itzuli daitezen?

Ilundaingo baso biziduna (Ilundain)

Orain dela gutxi gorabehera 400 urte, Potxe eta Arikita mendiak oso mendi sendo eta garaiak ziren. Haien magaletan belarra, pinudiak eta, batez ere, ezpelgorriak hazten ziren. Gainera, baso hauetan animalia ugari zeuden, bizitzeko leku zoragarria zelako.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat