ARG: Leitza/JL Artola
leitzako trenbidetik paseoa
KANPOAN

Udaberriko plana: KIKILISALDA

Udaberrian sartu gara, heldu da Aste Santua eta harekin opor egun batzuk. Aukera bikaina planak egiteko, denbora elkarrekin pasatzeko eta gozatzeko. 

Gaur proposatuko dizuegun plana Kikilisalda izeneko lantaldeak sortutakoa da: Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko mendi eta inguruetan egiteko zenbait ibilbide diseinatu dituzte, naturaz gozatzeko, kirola egiteko eta eskualdea ezagutarazteko helburuarekin.  Sortzaileek, batez ere, haurrengan jarri dute azpimarra, askok bizi duten egoera sedentarioaren aurrean jarduera fisikoa bultzatzeko eta ohitura nahiz elikadura osasuntsuak indartzeko. Izan ere, kanpoan dabiltzan bitartean mugimenduan ibiliko dira, eta era berean, lagunekin edo familiarekin kalitatezko denbora pasako dute. Proiektuaren izenburu den ”Pausoka-pausoka gure burua zainduz, ongi pasatuz, naturaz gozatuz, eskualdea ezagutuz” esaldiak ongi borobiltzen du proposamena.

Helburu horiek kontuan hartuta diseinatu dira, beraz, aipatutako ibilbideak. Lau herrietan zazpi ibilbide markatu dituzte. Hona herri bakoitzerako ibilbideak:

  • Areson: Otarre
  • Aranon: Suro
  • Goizuetan: Korroxka eta Antoka
  • Leitzan: Txaragorri, Santa kruz eta Kornieta

Joan-etorri politak eta errazak dira, eta taldean, familian edo lagunekin egiteko aproposak. Abiatu aurretik kontuan hartzeko zenbait aholku ere jarri dituzte eskura. Hona adibide gisara, Aresoko mendi-buelta. Irudian dituzue ibilbide honen ezaugarriak eta xehetasunak:

Kikilisalda_Aresoko ibilbidea     Kikilisalda_ Aresoko ibilbidea azalpenak

Paseo hauek neska-mutikoentzat erakargarriago eta atseginago egiteko jolas bat proposatu dute: lau gairi buruzko galdera-erantzunak izanen dituzte. Ibilbideetan zehar zenbait panel jarri dituzte QR kode batekin, eta bertan ibilbidearen deskribapenaz gain, galdera bat egonen da. Galdera horren erantzuna ibilbideko hurrengo informazio-gunean (panelean) topatuko dute, baita hurrengo galdera ere. Guztira, 5 galdera-erantzuneko jokoa osatuko dute ibilbide bakoitzean. Jolasa pizgarri ona da haurrek bidea osatzen jarraitzeko, animatzeko.

Jolasa:  Kikilisalda_ lau herrietako aukerak, koloretan eta QRarekin

  • Lau gairen inguruko galdera-erantzunak egonen dira: “Ingurumena”, “Jarduera fisikoa”, “Elikadura” eta “Herria ezagutu”. Bakoitzari kolore bat eman zaio, berdea, laranja, urdina eta fuksia hurrenez hurren,  eta kolore bakoitzean QR bat dago. Kolore bereko galdera-erantzunak osatuz egin behar da ibilbidea.
  • Lehenengo hiru gaietako galderak berdinak dira lau herrietan, “Herria ezagutu” atala, ordea, herri bakoitzera egokitutako galderekin osatu da.
  • Jolasean hasteko galdera irakurri, erantzuna pentsatu eta bota! Asmatu duzun jakiteko hurrengo balizara joan beharko duzu.

Gogoratu, ibilbidea egiteko marra laranjak jarraitu behar dira.
Jolasteko prest?

 

Zer da Kikilisalda? Nafarroa Mendialdeko neska-mutikoen elikadura, ariketa fiskoa nahiz ohitura osasuntsuak bultzatzeko  helburuarekin sortu zuten taldea, Goizueta, Arano, Leitza eta Aresoko herriek eta bertako Gizarte Zerbitzuek, osasungintzako eragileekin batera.

CC BY-SA 4.0