Udalekuak, lagunekin abentura euskaraz
KANPOAN

Udalekuak: lagunak, abentura, gaubela… eta euskara!

Zer dute udalekuek, berriz ere joan nahi izateko? Arrazoiak askotarikoak izan daitezke: opor egun batzuk lagunartean pasatzea; gurasorik gabe joatea; gustuko jarduerak egitea, batzuentzat, gainera, sekula probatu ez dituztenak; herri ezberdinetatik etorritako neska-mutikoak ezagutzea… eta euskaraz aritzea!

Anek, esaterako, gaubela misteriotsuak ditu gustuko, eta aurten ez du eskuargia etxean utziko. Horregatik, maleta prestatzeko zerrenda egiten hasi da, deus ez ahazteko. Ane irrikitan dago berriz joateko, esperientzia mundiala izan zuelako iaz. Izan ere, udalekuek orduak adina jarduera ezberdin eskaintzen dituzte: abentura, erronkak, sorpresak, gaubelak, diskoteka, elkarrekin lo egitea… egunero bada egiteko bereziren bat. Goiz batean, botak jantzi eta mendira txangoa ikusi-makusika: “Ikusi makusi, zer ikusi? Animalia bat, animalia bat… hasten dena hasten dena… k hizkiarekin. Kattagorria!! Oso ongi Mikel, orain zure txanda!!”; beste egun batean piraguarekin ibili; hurrena olatuak surfeatzen ikasi; eta Altxorraren bila ere ez da faltako, nork lortuko du azken pista asmatzea? “Biribil-biribila, Korrikari edo saltaria, Eskuz esku doana, Hankaz hanka dabilena, zer da?”…   Eta horrela egun bat eta bestea.

Euskarazko udalekuek disfrutatzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Bereziki, neska-mutikoentzat pentsatutako jarduerak dira, lagun berriak egiten dituzte bertan, eta oharkabean, hizkuntza ohiturak sortu eta finkatzen dituzte. Modu guztietara, ume horiek jarduera atseginekin lotzen dute euskara, eta bide batez, erregistro informala bereganatzen dute, hau da, adinkideen arteko hizkera.

Denbora librea ezinbesteko da haurrentzat, eta gero eta garrantzia handiagoa ematen zaio. Hori dela eta jardueren eskaintza zabala da gaur egun, baita euskaraz ere. Dagoeneko udaleku batzuk izena emateko epea ireki dutenez, hemen duzue informazio guztia, eskura, aukeratzen hasteko. Esperientzia ezin hobea bizitzeko eta gozatzeko prest?

        

 

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat