Arg.: AEK
Udan euskara ikasi eta praktikatu
BALIABIDEAKKANPOAN

Udan ere euskara ikasi eta praktikatu, bakarrik zein familiarekin!

Euskara ikastea, hobetzea eta praktikatzea da barnetegietan izena ematen duten ikasleen helburu nagusia. Mota askotako barnetegiak daude euskara ikasteko prozesua azkarrago burutu nahi dutenentzat. Ikasturtean zehar eskaintza klasikoa izaten da: IKA edo AEK  euskaltegiek egiten dutena.

Udako oporretan ikas-prozesuari bultzada eman nahi diotenek aukera ezberdinak dituzte:

Familia barnetegiak

Urteak daramatza AEK-k, esate baterako, familia barnetegiak antolatzen. Oso programazio berezia dute: goizetan, gurasoak ikasgelan dauden bitartean, euren seme-alabak begiraleekin egoten dira hainbat jardueratan parte hartuz. Propio adin horretarako prestatutako ekintzak izaten dira eta haur eta gaztetxoek oso gustukoak izaten dituzte. Arratsaldetan, denak elkarrekin biltzen dira ikasitakoa praktikan jarriz eta, bide batez, familian ohitura berri bat txertatzen hasten dira.

Gainera, barnetegi hauei esker, familia barruan euskarazko komunikazioa bultzatu ez ezik, udako oporrak modu dibertigarri eta era ezberdinean pasatzen dituzte familiek.

Aurten, hiru herri daude aukeran oporraldi berezi hauek pasatzeko: Urepel (Lapurdi), Forua (Bizkaia) eta Arantza (Nafarroa).

Ibiltaria 2024

Natura eta kirola gustuko dutenentzat pentsatutako formatua. Euskara ikasi praktikatzeko ekimen berritzailea:

“Ibiltaria ekimena AEK-k antolatzen du udarik uda, eta bertan natura, kirola, euskara eta Euskal Herriaren ezagutza batzen dira. 15 egunean, bizikletaz zein oinez, Euskal Herriko alderdi ederrak ezagutuko ditugu, euskara praktikatu eta mingaina askatzen dugun bitartean. Ibilaldiak arinago egitearren, motxila barik mugituko gara, furgoneta baten laguntza izango baitugu egunero. Ibilbideak aldez aurretik prestatzen ditugu, eta edonork egiteko modukoak dira, nahiz eta gutxieneko baldintza fisikoak eskatzen diren: hau da, mendian edo bizikletaz ibiltzen ohituta egotea. Edonola ere, inguruan beti ibiliko dira adituak, bidean laguntzeko prest.”

Ibiltarira edo barnetegira joan gabe ere, bada aukera udan, etxean lasai egonda, norberaren euskara mailari astindu ederra emateko, online ikastaroen bidez.

Batzuetan, ordea, udara bestelako planak egiteko aprobetxatzen da eta irailerako uzten da euskara ganoraz ikastearena. Horretarako, euskaltegian izena ematea da onena. Bada non aukeratua: AEK-k eta IKA-k hainbat herritan dituzte egoitzak, norberak bere udalean galdetuz jakinen du zein den hurbilen duen euskaltegia. Horietako batzuk aurre-matrikula egiteko epea ireki dute jada.

Gainera, udalek eta Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen dituzte, bai barnetegiak eta baita beste era bateko ikastaroak ere. Hemen ikus daitezke udalen dirulaguntzak eta hemen Nafarroako Gobernuarena.

 

 

CC BY-SA 4.0