ARG:Pixabay/canidiamesa
ETXEAN

Umea etxera iritsi aurretik

Luzea da haurra jaio aurretik prestatu behar diren gauzen zerrenda: berehala txiki geratuko zaizkion arropak, autoko aulkia eta paseorako ume-kotxea, loa erraztuko dion sehaska erosoa edo bainurako trepeta guztiak, besteak beste. Bada gai garrantzitsu batekin lotuta garaiz prestatu behar den beste zerrenda bat: umearen “saski linguistikoan” sartuko ditugun baliabideak eta erabakiak.

Izan ere, etxean nahi ditugun ohitura linguistikoez aldez aurretik mintzatzea garrantzitsua da, zerbait aldatu nahi badugu denbora eta energia beharko ditugulako eta horiek dira, hain zuzen, haurtxoa etxean dela urri izanen ditugunak!

Beraz, has gaitezen etxera etorriko den umearen saski linguistikoa osatzen:

  • Esan dugun bezala, aurreikuspena izanen da beharko dugun lehen gaia: etxeko helduen artean solas egin eta irudika itzazue etxerako nahi dituzuen ohitura linguistikoak. Euskaraz jakin arren, zuen artean euskaraz egiten ez baduzue, aldaketarako motibazio handia izan daiteke haurrari, jaiotzen den unetik, euskaraz egitea eta euskara etxeko hizkuntza bihurtzea. Geroko utzi gabe, hasi hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskaraz egiten. Aldaketarako aholkuak: helburu txiki eta errazekin hasi eta joan euskarari eskainitako denbora eta espazioak zabaltzen. Hasieran arraro sentituko zarete, baina, lehenengo fasea gaindituta, natural irudituko zaizue euskaraz egitea.
  • Etxeko bakar batek baldin badaki euskaraz, irudikatu nola moldatuko zareten guraso euskaldunak euskaraz egin diezaion seme-alabari. Euskaraz ez dakienaren aldeko jarrera eta babesa gakoak izanen dira kasu horretan. Hitz egin ezazue horri buruz. Kontuan hartu haurrek berehala lotzen dituztela hizkuntza bakoitza pertsona edo espazio jakin batekin eta normaltasunez pasako direla hizkuntza batetik bestera. Mundu osoan betidanik egon dira hizkuntza bat baino gehiago erabili dituzten familiak eta jarrera horrekin aberastasun handia eman diete etxeko txikiei.
  • Umearekin ongi pasatzeko baliabideak. Haur hizkera eta esamoldeak, sehaska kantak, euskarazko ipuinak eta poematxoak… Umearen mundua aberasteko gauza zoragarriak dira horiek guztiak, irudimena eta sormena pizteko baliagarriak izateaz gain. Zuen bildumatxoa osatzeko bilaketa egin (ERA baliabideak arakatzen has zaitezkete). Gustukoak aukeratu eta ikasi. Ezin hobeki etorriko zaizkizue eguneroko errutina askotan. Eta haurra mintzatzen hasten denean, euskara bera izan dadila jolasteko aitzakia: aho-korapiloak, errimak eta igarkizunak ezinbestekoen zerrendan gehitu.
  • Etxetik kanpoko bizitza. Berehala parkea etxetik kanpoko une garrantzitsu bihurtuko da ongi pasatzeko eta euskara beste hiztun batzuekin erabiltzeko ohiturak barneratzeko. Ahal duzuen neurrian, zaindu harreman horiek euskaraz izan daitezen. Haurraren sozializazioaz ari gara, noski, eta etengabean zabalduko den zirkuluaren hurrengo mugarria, ziur aski, haur eskola izanen da, hezkuntza ibilbidea euskaraz hasteko lehen geltokia.

Haurra jaiotzearen zain gaudela, burua proiektu eta desioz betetzen zaigu. Lekua egin diezaiegun horien artean seme-alaba nolako hiztuna izanen den pentsatzeari eta hori errazteko aurretik presta ditzakegun gauza piloen zerrendari.

Gomendio gehiago nahi izatera sartu ERAko honako atalean: eranafarroa.eus/haurdunaldia 

CC BY-SA 4.0