KANPOAN

2.000 km lekukoaren atzetik

Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!, … Korrika badator!, … Klika, Korrika!!

Duela 39 urte antolatu zen Korrika lehen aldiz eta ordutik helmuga bera izan du: euskararen aldeko kontzientziazioa suspertzea eta euskaltegien lana indartzeko dirua biltzea. Baina, hori baino askoz gehiago ere bada Korrika. Jendea batu egiten du, guztientzat tokia baitu: euskara ikasten ari direnentzat, egunero erabiltzen dutenentzat, euskaraz ez dakiten arren seme-alabak euskarazko eredura eramaten dituztenentzat, etorri berri direnentzat …

Euskararentzat garrantzitsuak dira urrats guztiak, txikiak eta handiak, noski, baina bereiziki gaurko eguna: apirilaren 4a. Hitzordua Garesen da, bertatik abiatuko baita lasterketa erraldoia, 16:30ean izanen den ekitaldiaren ondoren. Horrela, Lizarrarako norabidean atera eta hurrengo 11 egunetan 2.000 kilometrotik goiti eginen ditu, gau eta egun, apirilaren 14an Gasteizera ailegatu arte.

Hemen da, beraz. Iritsi da egun handia: hartu zapatilak eta… egin korrika, egin klika! Noizbait parte hartu baduzu, badakizu emozioa, poza, ilusioa eta indarra… erruz daudela. Eta ez bazara inoiz egon… orain duzu aukera.

Gainera, plana osatzeko egun osorako egitarau zabala antolatu dute Garesen, eta bestetik, badira Korrikak munduan barrena, hainbat lurraldeetan bizi diren euskaltzaleek antolatuak.

Argazkia: KORRIKA