Iturria: guaixe.eus
KANPOAN

San Juan bezpera: Urdiaingo Kantaita

San Juan bezpera urteko une berezienetako bat da. Izan ere, suaren, kantuen eta errituen bidez naturaren ziklo aldaketa irudikatzen da: ilunetik argirako bidea, eta zaharretik berrirako trantsizioa.

Urdiaingo kasuan, ospakizun berezia izaten da egun horren bueltan; festaz harago, komunitateak naturari egiten dion aitortza kolektibo bat da. Horren erakusle da Urdiaingo San Juan Kantaita antzinako kantua, herriko neska gazteek, borobilean eta eskutik helduta, abesten dutena.

Helburua herriaren memoria, elkartasuna eta etorkizuneko desioak uztartzea da, eskari eder bat eginez: “Orain arte belar, hemendik aurrera gari”. Esapide sinplea dirudien arren, esanahi sakona du: belarrak naturaren egoera gordina adierazten du, eta gariak berriz, etorkizun hurbileko oparotasuna eta ongizatea.

Hala, kantuak ez du soilik uzta on bat eskatzen; komunitatearen eraldaketa irudikatzen du. Dantza ere, ez da koreografia hutsa, gorputzaren mugimendu partekatua da: besoak erritmikoki igotzeak eta jaisteak kantuaren helburu kolektiboarekin bat egiten du.

Kantaitak San Juan festa abiarazten du, eta suak berriz, erritua aktibatu.

Arratsaldeko 19:00etan ematen zaio hasiera festari, neskak udaletxetik San Juan baselizarantz joaten direnean. Herritarrak atzetik jaisten dira erromerian, txistulariekin batera. Baselizan meza izaten da, eta bukatzerakoan, neskek San Juan Kantaita antzezten dute. Lehen hitza abesten duten unean bertan, sua pizten da, ospakizunari hasiera ofiziala emanez.

Kantaitak badu berezitasun bat, bertaratzen direnak ez direla soilik ikusle, parte hartzaile baizik. Horrek komunitatea osatzen laguntzen du eta, bereziki, bertako kide izatearen sentimendua nabarmentzen du. Kantaitaren benetako esanahia sentitzeko, ordea, ez da beharrezkoa Urdiaingo ermitara joatea; etxean, auzoan edo kalean egonda ere bizipen hori senti daiteke. Horretarako aski da borobilean eta eskutik helduta jartzea, elkarrekin abestea eta desio partekatu bat eskatzea.

Horrez gain, San Juan bezpera aukera ederra da haurrei herri-tradizioen baloreak erakusteko, eta batez ere, elkarrekin une berezi bat partekatzeko. Izan ere, tradizioak bizirik mantentzeko modurik onena ez da haiei buruz hitz egitea, bai aldiz, horiek esperimentatzea. Azken batean, San Juan bezperak gogorarazten digu komunitatea etxeetan jaiotzen dela.

Belaunaldiz belaunaldi heldu zaigun desio hori, gure egin dezagun aurten ere:

Orain arte belar, hemendik aurrera gari!

 

CC BY-SA 4.0