Uda hemen da eta haurrek oporraldia dute eskolan. Hori dela eta, familia askok garai hau baliatzen dute kanpora joateko eta, sarritan, bidaia horiek luze-luze jotzen dute. Han dira Salou, Conil, Landak, Girona… Beraz, denbora hori arintzeko, zergatik ez probestu haurrekin jolasteko? Hona hemen oporretarako hainbat jolas gomendio.
Guraso.eus webgunean dozena bat proposamen bildu dituzte, “Oporretako jolas gomendioak“ artikuluan. Horietako batzuk segidan datorren zerrendan daude:

Ikusi makusi. Jolasik ezagunenetakoa, “Ikusi makusi zer ikusi, ikusten, ikusten, ikusteeeen…“ abestuz (entzun jolasaren audioa hezten.eus-en), eta behin formula esanda autotik ikusten den zerbaiten lehen silaba esan behar da pista gisara. Ondoren bidaideek asmatu beharko dute zein hitz den.
Harri, orri, ar. Eskuekin aritzeko jolasa. Harriak artazia txikitzen du, artaziak papera mozten du eta paperak harria biltzen du.
Hitz kateatuak. Hitz batekin hasi eta hortik aurrera bi aukera daude. Txandaka, ondokoak esan duen hitzaren azken hizkia erabili behar da hitz berri bat botatzeko. Beste aukera bat, zailagoa, hitzaren azken silaba erabiltzea: Etxe, txeke, kemen…
Nahi dut…Bidaide batek jolasari ekinen dio “Nahi dut … ” esanez eta pentsatu duena erantsiz. Bigarrenak lehenak esandakoari beste zerbait gehituko dio aurrekoarena ere errepikatuz eta honela kateatzen jarraituko dute, norbaitek kale egin arte. Adibidez, laugarren jokalariak, bere desioa botako du aurreko guztiena errepikatu ondoren: “Nahi dut lo egin, Kakuetara joan, pizza bat jan eta elefante arrosa bat ikusi!”
Bestetik, era.eus-ek ere jolas bilduma zabala du, edozein momenturako aproposa.
Gozatu uda jolasean!
CC BY-SA 4.0



