Urtero bezala Gora-Gora Fest! jaialdia Nafarroako herrietara itzuliko da azaroa eta abendua bitartean. Kultur ziklo oparoa da eskainiko dena, haur, gazte zein familiei zuzendua. Izan ere, antzerkiak, magia tailerrak, eskulanak, dantza ikuskizunak, ipuin kontalariak eta askotariko proposamenak izanen dira ziklo honen baitan, guztiak euskaraz eta doan.
Azaroaren 6tik abenduaren 13ra bitarte, 10 emanaldi berri eskainiko ditu Tdiferencia antzerki-konpainiak, Euskarabideak kudeatutako programa honetan. Ikuskizun hauek, Nafarroako 65 herritan zehar banatuko dira: Abartzuza, Ablitas, Oibar, Almandoz, Antzin, Andosilla, Arantza, Arbizu, Arizkun, Arribe, Azagra, Barásoain, Berbintzana, Burgi, Cabanillas, Caparroso, Zarrakaztelu, Cascante, Kaseda, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Ekai-Longida, Erro, Eulate, Ezkaroze, Faltzes, Fontellas, Garaioa, Gorriti, Amatriain, Irurtzun, Larraga, Larraintzar, Lerin, Lizarraga Itzagaondoa, Lodosa, Los Arcos, Irunberri, Lukin, Luzaide, Mañeru, Martzilla, Mendabia, Milagro, Mugiro, Noain, Olazti, Erriberri, Orotz-Betelu, Otsagabia, Azkoien, Gares, Erronkari, Jaitz, Mirafuentes, Zangoza, Santakara, Sesma, Tutera, Valtierra, Viana, Zubiri eta Zugarramurdi.
Egitaraua
Aurtengoa VI. edizioa izanen da eta ohikoa den bezala, ikuskizun berriak aurkeztuko dira. Kasu honetan, besteak beste: “Itsasoko misterioak” haurrentzako antzerkia, “Tunba lehoia” txotxongilo antzerkia, “Sophie” ipuin kontalari dramatizatua, “Jantzi mantala” familientzako sukaldaritza tailerra eta askoz ere gehiago. Programazio osoa Euskarabidearen webgunean eskura dago. Bertan, jardueren nondik norakoak kontsultatu daitezke: ikuskizunen informazioa, emanaldien ordutegia eta lekua. Programa osoa doakoa izanen da.

Nafarroako Gobernuak 2020tik Euskararen Nazioarteko Egunari begira antolatzen duen zikloa da honakoa. Antolatzaileen esanetan, “helburu nagusietako bat, gure hizkuntzan kultura sustatzea da”. Honekin batera, Nafarroako eskualde guztiak kulturalki egituratzea da asmoa, euskara kohesio sozialerako elementu gisa indartuz.
Hona hemen bada, familia giroan etxeko txikiekin euskaraz gozatu ahal izateko plan ezin hobea. Seme-alabekin euskarazko kultur emanaldiak partekatzerakoan, haien motibazioan eragingo da bete-betean eta bizipen gustagarrien bitartez euskararekiko atxikimendu positiboa sorraraziko da.
Jaialdiarekin batera, beste hainbat ikuskizunetarako hitzorduak jasotzen dira ERA agendan. Gozatu bada euskaraz udazken honetan ere!
CC BY-SA 4.0



