VIII. Irrintzi txapelketa 2019ko Lizarrako festetan
KANPOAN

Ai, ama! Eskolarik gabe, zer egin udako oporretan?

Zubi luzeari “akueduktu” esaten bazaio, nola izendatu seme-alaben haurren udako oporraldia? Bi hilabete eta erdiko parentesia? Transiberiarra? Ogirik gabeko eguna baino luzeagoa?

Udaldia garai aparta da plazan aritzeko, iturrian jolasean, parkean itzaletan, errekako freskotasunean edo hondartzako zalapartan… eta noski, lagunekin planak egiteko. Adin jakin batekoek “Los Goonies“, “Stranger Things” edo “Verano azul” moduko oporrak izanen dituzte, bizikleta hartu eta bizipen ahaztezinak gozatuko dituzte, beren kabuz. Adin txikiagokoek, berriz, antzera, baina gurasoen eskutik gozatuko dute uda.

Bada, guraso horientzako proposamen batzuk dakartzagu hona:

  • Kultur agenda. Uda oso aro egokia da etxetik kanpo kultur ikuskizunez gozatzeko, batez ere kalean. Ikuskizunez bertatik bertara disfrutatzeak umeen sormena eta irudimena pizten ditu eta, gainera, kultur proposamen horiek euskaraz baldin badira, hizkuntza gaitasuna lantzen eta hizkuntzarekiko atxikimendua indartzen lagunduko die haurrei.
  • Lizarraldean Udan Blai Euskaraz kultur egitaraua. Egitarau honetan haurrentzako kultur ziklo ugari topatuko dituzue: magia (Tor, Kidam eta Eriz magoak), ihes gelak (“Piraten gordelekua” eta “Nafarroako erregina”), tailerrak (taloak edo buruhandiak egin, inklusioa landu), jolasak (ginkana, altxorraren bila, ur jolasak, multiabentura…), yoga familian, jolas parkea, ikuskizunak (txotxongilo-antzerkia ilunpetan, pailazoak, herri kirolak)… eta guraso zein haur koxkorragoentzat baita eserita entzuteko kontzertuak ere (Kalakan, Ruper Ordorika, Ezpalak…) edo bertso-saioak.
  • Ipuin-paseoak. Lotura afektiboa, barrura begiratzeko aukera, hitzen esanahiak, hitz berriak, irudimena, jakin-mina eta, batez ere, ipuinak, gozamena dira. Eta mendi ibilaldiak? Lautadan edo gailurretik tontorrera, luzeak edo motzak, osasuna eta askatasuna, kirola eta natura… Bada, zergatik ez biak uztartu?
  • Mahai jokoak. Kanpinean edo herriko igerilekuan, udako ilunabar sargorietarako aukera aparta da familian mahai jokoan aritzea.
  • “Sara eta Paulen abenturak!” podcasta. EiTBk uda honetarako ekoitzi du eta uztailaren 4tik hasita hamabi atal osatuko dute seriea. 6-13 urte arteko entzuleei zuzenduta dago eta  bi pertsonaia nagusi ditu. Sara, neska itsua, superdotatua eta lagunkoia, eta Paul, eskolan bullyingaren biktima den mutikoa. Hitz totela da, hortzeria itsusikoa, guraso dibortziatuak ditu, seme bakarra da … Baina, mutil dibertitu eta baikorra da hala ere Paul. Sara eta Paulen abenturak!-ek bizikidetza inklusiboa bultzatu nahi du.

CC BY-SA 4.0