Neguko festen zikloa Arimen Gauak zabaltzen badu ere, ospakizunen gailurra neguko solstizioarekin heltzen da, eta harekin, Olentzero.
Sukilaren edo Eguberrietako enborraren pertsonifikazioa da, ziur aski, Olentzeroren jatorria. Sukila gabon gauean pizten zen eta sutan mantentzen zen urte berria hasi arte. Piztutako su hori urte zaharraren adierazlea zen, eta era berean, urte berrian sartzen laguntzen zuen.
Festa horren bueltan agertzen da Olentzero: euskal kulturan eta usadioetan toki esanguratsua duen pertsonaia. Leitzako Kultur Taldeak, besteak beste, Olentzerori buruzko (Orantzaroa) lanketa sakona eta interesgarria egina du, askok espero ez dituzten hainbat alderdi eta ertz jasota.
Ikazkinaren inguruan sortutako hamaika istorio eta ipuin ere baditugu gure artean. Baina bereziki ezagunak dira Olentzeroren inguruan egindako kantak. Herri askotan, Gabon gaua baino lehen, haur eta gurasoak elkartu eta kantu horiek entseatzen dituzte, Olentzeroren etorrera prestatzeko. Egungo moldaketak kontuan hartuta, ERAk Gabon kanta sorta bat bildu eta bere baliabideen artean jaso du. Zerrenda aproposa da Olentzerori itxoiteko aldi hori arintzeko eta, bidenabar, Olentzero eta Mari Domingiri ongi etorria egiteko. Izan ere, gaur egun, emakumezko pertsonai honek ere presentzia handia hartu baitu, eta nonhaiko karrika eta plazetan agertzen dira biak, Gabon Gau iluntzean.
Hortaz, etxeko beroan nahiz lagunartean, kanta horiek abesteko gonbidapena egiten dizue ERAk. Bilduma horretan honakoak dituzue: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Olentzero salda bero, Olentzero eta astoa eta Mari Domingi kantak; Ene Kantak taldearen Ole-Olentzero, Urtaro Zuriko Emakumea eta Olentzero; Nahi Ta Nahiez taldearen Olentz-ero; eta beste kanta zahar eta berri batzuk, besteak beste Hator-Hator, Kas kas atarian, Alaken, Elurra teilatuan, Lo dago…
Negua hementxe dugunez, beraz, atera ditzagun oroimenaren kutxatik ipuin, esaera eta kantu horiek guztiak, eta gozatu dezagun!
CC BY-SA 4.0