KANPOAN

Bat eta biga inauterietan gira

Bat eta biga, inauterietan gira;
hiru eta lau, ni alegera gaur;
lau eta bost, ni zutaz agradoz;
sei eta zazpi, zu ere bai noski! (1)

Inauteriekin ematen zaie bukaera neguko festei. ERAn aurretik azaldu bezala, neguko ziklo hori Arimen gauak zabaltzen du eta Olentzero eta ekinozioko erritualak pasa eta gero inauteriek ixten dute. Tartean, otsailaren 4an, Santa Agata bezperako eskea eta koplak izaten dira.  

Inauteriak, inauteak, ihoteak, aratusteak, karnabalak,… izenak bezainbeste aukera izaten da mozorrotzeko, sasoi honetan eta banaka, lagunartean edota familian antolatu daiteke mozorro-jantzia. Horretarako ez da toki eta egun faltarik izaten, izan ere, garai luzea hartzen dute egun berezi hauek. Nafarroako herri askotan ospatzen dira, bai gune urbanoetan, baita landa eremuetan ere. Azken horietan inauteri tradizionala osasuntsu mantendu da. Horren froga da inauterietako pertsonaia eta ohituren inguruan euskarak duen hiztegi aberatsa.

Beste eskualde askotan bezala, Bortzirietan inauterietan eskean aritzeko hainbat kanta abesten dira, bertako haurrek urtero berritzen dituztenak:

Etxalarren:

Urtzain gizen
Urtzain gizen
Zingararraultze
bat ez bada bertze
biek hobe

Igantzin:

Eskolako haurrak etorri gara
Zuei eskatzera limosna bana
Borondate ona guretzat izan
Berendu bat egiteko gaur arratsaldean
Arraultze-arraultze, bat ez bada bertze!

Beran grabatutako audioa   (Soinuen Mapa)

Datak: 2019an inauteri gehienak otsailaren 28an hasiko dira, ostegun gizenarekin, baina data hori baino lehenago ospatuko dira Nafarroako hainbat herritan:

  •         Sunbilla: urtarrilak 25-27
  •         Leitza: urtarrilak 26-29
  •         Ituren eta Zubieta: urtarrilak 28-29
  •         Areso: otsailak 1 eta 2
  •         Arantza: otsailak 14-16
  •         Igantzi eta Uharte: otsailak 22-23
  •         Lizarra eta Arano: otsailak 23
  •         Gainerako gehienak: otsailak 28-martxoak 5
  •         Berriobeiti: martxoak 9

Baliabide gehigarria: Inauterietako pertsonaiak margotzeko webgunea.

(1) Iturria: “Zenbakien esaera zaharrak” Xabier Etxaniz, Haur Folklorearen Bilduma