Bertsolaritza
ESKOLAN

Bertsotan ikastea baino askoz gehiago denean

Esan dezagun ozenki: jende askok ez du bertsolaritza gustuko. Ez die emoziorik pizten. Horregatik, agian, beren seme-alabek eskolan lantzen dutenean ez dute interes handirik agertzen. Bertsolaritza hori baino ez dela pentsatzen dute: errimak eta doinuak.

Beste askok, ordea, izugarri disfrutatzen dute, ikuskizunak liluratuta. Eta pozarren ikusiko lituzkete beren haurrak oholtza gainean larai lara lai, lara lai!

Beltzetik zurira gris-sorta oparoa dagoen bezala, hemen ere bada halakorik. Kirol batzuetan ere antzekoa gertatzen da. Esate baterako, futbolaren dizdirak zenbait guraso itsutu egiten ditu eta, ondorioz, euren haurrak izar bihurtuta ikusi nahi dituzte. Beste batzuek, ordea, kirola egitearen onurak transmititu nahi dizkiete haurrei: kiroltasuna, ongi pasatzea, lagunekin egotea, jokoaren arauak ulertzea eta betetzea, kidetasuna, bizimodu osasungarria…

Zalantzarik gabe, bertsolaritzan ere badaude lehia, saria, puntuazioa, loreak eta txapela. Baina hori zati txiki bat da, besterik ez. Urrunago begiratuz gero, taula eta plazaren irudiak lausotu eta askoz gehiago nabarmentzen da beste dena: ongi pasatzeko modua da, hizkuntzarekin jolasteko, dibertitzen zaren bitartean hizkuntzan trebatzeko, hiztegia aberasteko, hizkuntza  egiturekin jolasteko, hitz egiteko. Halaber, inprobisazioan ikasteko balio du, erreakzionatzeko azkartasuna, eta enpatia lantzeko ere paregabea da. Zergatik? Askotan egoera bat deskribatu eta egoera jakin horri erantzuteko bertso bat sortzeko eskatzen baita. [Adibidez: Ekhi, eskolako patioan ikusi duzu Amets beti bakarrik egoten dela.]

Zaila da haur bati bat-batean entzutea “ama, aita, hizkuntzarekin jolastu nahi dut”, jakina. Litekeena da egin daitekeenik ere ez jakitea, probatzen duten arte. Eta hori Bertsolaritza Irakaskuntzan programan gertatzen da. 5. eta  6.mailan eskaintzen da eta haren bidez haur gehienek bertsolaritza bertatik bertara ezagutzeko aukera dute, barnetik ezagutu ere. Izan ere, errimak egiten ikasten dute, doinu desberdinetan, neurri desberdinetan… eta hor hasten da jokoa, bertsoa jokoa eta jolasa baita. Hori dela eta, eskolako programari esker zaletasuna pizten zaienentzat eskolaz kanpoko jarduera gisa eskaintzen da. Une honetan Nafarroako honako herri hauetan, arratsaldez:

  • Sakanan: Altsasun, Arbizun, Etxarrin, Lakuntzan eta Urdiainen.
  • Ipar-mendebaldean: Leitzan, Goizuetan, Larraunen eta Lekunberrin.
  • Baztan-Bortziriak-Malerrekan: Elizondon, Iruritan, Erratzun, Arantzan, Igantzin, Lesakan, Beran, Etxalarren, Iturenen eta Donezteben.
  • Iruñerrian: Iruñean, Barañainen, Berriozarren, Atarrabian eta Uharten.
  • Erron.
  • Lizarran.
  • Tafallan.

Nolanahi ere, eskaintzarik ez dagoen tokietan talde bat sortzeko aukera azter daiteke Bertsozale Elkarteari deituta (948 14 37 47 eta nafarroa@bertsozale.eus) edo herriko Euskara Zerbitzuan eskatuta.

Gurasoentzat aspergarria nola liluragarria izan, bertsolaritza euskaraz ikasten ari diren haurrentzat oso mesedegarria da. Euskaraz pentsatu behar dute eta ahozkotasuna landu (eskolan gutxiago lantzen dena), baina garrantzitsuena honako hau da: haurrei jarduera ludiko bat euskaraz egiteko aukera ematen diezunean, euskararekiko jarrera positiboa asko indartzen da, baina dibertsioaren bidez, ongi pasatzen ari direla. Eta ikerketa askok erakutsi eta berretsi dute horrek euskararen erabileran eragin zuzena duela. Hortaz, aita-amari gustatu ala ez, haurrek interesa adierazten dutenean, aprobetxatu eta bultzada eman.

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat