BALIABIDEAK

Ostadarraren koloreak adina izen

Ekainaren 28an LGTBI+ Harrotasun Eguna ospatuko da; gizarte berdintasuna eta normalizazioa aldarrikatzen duen eguna. Aski ezaguna da aldarri horren bueltan kaleetan ikusten den bandera, ostadarraren koloreak daramatzan bandera, hain zuzen ere.

Ostadarra edo ortzadarra, kolore anitzez osaturiko zubia. Izendapenari erreparatuz gero koloreak adina izen hartzen ditu fenomeno optiko eta meteorologiko honek. Zenbat dakizkizu euskaraz? 

Aezkoan esaterako, otsadar edo auriadar deitu izan zaio. Baztanen hortz adar, Esteribarren ostadar eta Leitzan berriz, ostrillike edo ostilleka.  

Honekin batera, Sakanan, Erroibarren eta Baztanen Erromarako bidea irudikatzen du ostadarrak: Erromako zuia (Sakana) eta Erromako zubia (Erroibar eta Baztan).

Zubiaren ildo beretik Erronkariko ibarrean, adibidez, Sanjuanekoarkoa eta zubiadar ere esaten zaio zazpi koloretako fenomeno atmosferiko honi.

Beste izendapen batzuek Jainkoarekin zerikusia dute, eta hagitz hedaturik daude:  Jangoikuen gerrikua (Burunda), Jangoikuen paxa (Sakana), Jankoan paxa (Arakil), Jangoikoan paxa (Goñibar eta Oltza Zendea), Yainkoaren gerrikoa (Larraun), Jainkoanpaxa (Ultzama), Jangoikuen paxa, Jinkuen paxa, Yinkoanpaxa, Yinkuenpaxa (Esteribar) eta Xinkuenpaxa (Erroibar). Ergoienan, berriz, Jangoikoen baranda izenarekin ezagutzen da, hots, Jangoikoaren balkoia.

Azkenik,  Erroibarren  beste izen berezi hau ere erabiltzen da: axarinboda edo axerinboda, bertakoek uste baitzuten ostadarra agertzearekin batera azeriak ezkontzen zirela. Esanahi kurioso horretatik tiraka Goizuetan ere bada antzeko izen bat, azeripataioa, herritarrek ostadarra izendatzeko erabili izan dutena.

Zerrenda honetara hitz gehiago ekar daitezke, hemen jasotakoak adibide batzuk baino ez dira, hala ere, aski dira euskararen aberastasuna erakusteko, agerian utziz esanahi bera adierazteko zenbat hitz ezberdin dituen euskarak!   

Eta ostadar hitzera itzuliz, hemen ipuin kontaketa bat, etxeko txikienekin irakurriz gozatzeko: Elmer eta ostadarra

CC BY-SA 4.0