Aurrematrikulazioa dela eta Nafarroako familia askok erabaki garrantzitsu bat hartu beharko dute egunotan: zein hezkuntza eredutan eta zein ikastetxetan hasi seme-alaben bidea.
Gero eta anitzagoak dira D eredua hautatzen duten familiak. Horietako batzuek euskara dakite, beste batzuek ez, eta, gainera, hainbat hizkuntza eta kultura dituzte. Euskararen ezagutza maila – edo ezjakintasun – hori da, hain zuzen, eredua erabakitzerako orduan familiak baldintzatzen dituen faktoreetako bat.
D ereduak, euskararen transmisioaren bitartez, haur eleaniztun eta inklusiboak hezten ditu, eta era berean, mundu anitz eta dinamiko baterako prestatzen ditu. Murgiltze eredua da haurrek euskara modu natural eta eraginkorrean ikasteko biderik onena, baita etxean euskararik entzun ez dutenen kasuan ere. Haurrek hizkuntzen arteko transferentzia egiteko gaitasuna dute, eta D ereduak aukera hori eskaintzen die.
Une erabakigarri honetan gurasoek zer egin dezakete D eredua haien inguruan zabaltzeko eta beste familia batzuk animatzeko?
- Lehenik eta behin, esperientzia partekatu. Seme-alabek izandako aurrerapenak identifikatu eta jakinarazi, eskolako giroaren berri eman, edo garatutako harremanak kontatzea oso eraginkorra da.
- Bigarrenik, haurrak euskaraz sozializatzeak hizkuntza berri bat ekarriko du etxera. Hizkuntzari garrantzia emanez eta haurren ikasketa prozesuan interesa jarriz, gure seme-alaben bitartez, euskara ezagutzeko aukera izanen dugu.
- Hirugarrenik, ikasketa prozesua osatzeko eskolak eta komunitateak eskaintzen dituzten baliabideen berri eman.
D ereduak abantaila ugari ditu: elebitasuna eta eleaniztasunerako oinarri sendoa, malgutasun kognitiboa, beste kulturekiko jarrera irekia eta aukerak etorkizunean. Eta hori guztia, haurrek jolasean, kantuan eta lagunekin ikasten duten bitartean.
Azken finean, D eredua ez da soilik hizkuntza baten aldeko apustua; komunitate bat, aukera gehiago eta etorkizun zabalagoa eskaintzen dituen hautua da. Aukera hori ezagutaraztea guztion esku dago.
Egin bidea euskaraz, eta eragin dezagun familia gehiago bide honetara batu daitezen.
CC BY-SA 4.0



